Matienan eskainiko duten ikuskizuna taldean lantzen dituzten dantzen erakustaldia izango da. Fandangoak, sevillar dantzak, runbak... Jai-giroan eta kalean espektakulua eskaintzeko errezital sinplea izan behar dela gogoratu du Gallardok. Sei taldek parte hartuko duten emanaldian 30 bat dantzari arituko dira. Nobedade moduan, dantza sevillar bat euskal dantzen pausoekin uztartzen duen ikuskizuna taularatuko dute. Dantza berritzailea Bermeon estreinatu ostean, Matienara ekarriko dute.
18 urteko ibilbidea
De Norte a Sur taldea orain hamazortzi urte sortu zuten Matienan. Gaur egun, entseguak egiteko lokala Muntsaratz auzoan dute. Hala ere, taldekide abadiñarrez gainera, durangar askok parte hartzen dutela azaldu du Gallardok. Sei taldek dihardute lanean. Horiei, koadro flamenkoa eta koru rozieroa gehitu behar zaizkie. Beraz, gaur egun, 100 bat lagunek parte hartzen dute Abadiñoko taldean. Taldekide horiei azpiegituran laguntzen dieten boluntarioak gehitu behar zaizkie. Ateak zabalik dituzte ikastera joan gura duten guztientzat. Dantza flamenkoa gustuko dutenek hasiberrien taldean parte hartu dezakete.
Taldearen hurrengo erronka maiatzean Malagan eskainiko duten emanaldia izango da. Hala ere, De Norte a Surren jaialdirik kutunena Astolan ekaineko azken zapatuan antolatzen duten Rocío jaia da. Aurten jaialdiak 15. edizioa beteko du; beraz, taldearen agendan finkatuta dagoen hitzordua da. Dagoeneko hasi dira jaialdi hori buru-belarri prestatzen. Egun osoko jaialdian dantza egiteaz gainera, ez da jan-edanik faltako.
Andaluziaren Eguna
De Norte a Surreko koadro flamenkoak Bilboko Campos Eliseosen antolatzen den Andaluziaren Egunean parte hartu du azken urteotan. Joan zen otsailaren 28an ez zioten huts egin hitzorduari. Aretoa lepo bete zen dantzari abadiñarren ikuskizunaz gozatzeko.