Enkorekoek bete egiten dituzte Euskal Herriko plazak, eta apirilaren 30ean Traña-Matienara datoz, asmo beragaz. Zelan lortu dute hainbeste gazte erakartzea nazioarteko musika komertzialak hainbesteko indarra duen sasoi hauetan? Urtzi Iza taldekidearen esanetan topa daiteke horren erantzuna.
Zelako harrera izan ohi duzue Durangaldean? Zer espero duzue sanprudentzioetako kontzertuaz?
Beti oso ondo egon gara zonalde horretan. Durangon lau aldiz jo dugula uste dut; jaietan, Ahotsenean eta 40 Minutu Rocken birritan. Traña-Matienan ere orain dela hiru bat urte egon ginen, eta oso ondo sentitu ginen. Jendeak ondo erantzun du beti. Oraingoa ere, Traña-Matienan, esperientzia ona izatea espero dugu taldekideok.
‘E’ izeneko diskoa argitaratu zenuten 2015ean, eta biran zabiltzate oraindik. Zelan doa?
Bira desberdina izan da guretzat. Hasieran ohiko ibilbidea egin genuen Euskal Herriko leku ugaritara joanda. Baina, gero, Ingalaterran egon ginen lau kontzertu ematen. Gure musikak beste leku batzuetan zelan funtzionatzen zuen probatu gura genuen, eta esperientzia oso polita izan zen. Bartzelonan ere ibili ginen gero.
Deneriko abestiak dituzue, baina esango nuke rock dantzagarria dela zuena batez ere.
Musika sortzerakoan, kantu bakoitza mundu bat da. Konfiantzazko lagunekin entzuten ditugu kantuak, zelako aurpegiak ipintzen dituzten ikusteko [barrez], batasunik ematen ote den. Ez dakit abesti guztiak alaiak diren, baina izan daiteke hori transmititzea. Hegan, adibidez, dantzagarria da, baina beste estilo bat dauka. Ahalik eta eragin edo iturri gehien sartzen ahalegintzen gara, beti ere gu garena mantenduta.
Gazteek kanpoko musika komertziala eta homogeneoa entzuten dutela esaten da gaur egun. Baina zuek lortu duzue gazteria engantxatzea. Zelan asmatu?
Ni gitarra irakaslea naiz, eta ikusten dut zaila dela jakiten nondik doazen euren gustuak. Gaur egun internetegaz sekulako erraztasuna dute denetariko musika entzuteko. Hala ere, guk ez dugu inoiz pentsatu formula bat bilatzea, ateratzen zaiguna egiten dugu. Guk ere denetarik entzuten dugu, baita komertziala ere.
Euskaraz abesten duzue. Asko dira beste aukera bat egiten dutenak. Zuen kasuan, zerbait naturala da, ala erabakitakoa?
Proiektuari ekin genionean, orain dela zortzi bat urte, beste talde batzuetan jotzen genuen denok. Xabik gaztelaniaz egiten zuen, Aitortxuk ere gaztelaniaz uste dut, eta nik ingelesez. Denontzat talde kutuna zen Berri Txarrak, erreferentziala, eta horrek eragin zigun. Bestalde, euskara gure hizkuntza da, eta Bilbon euskara ez da gura genukeen beste erabiltzen. Ez dakit hemendik urte batzuetara zer egingo dugun, baina momentuz hauxe da gure aukera.
Letrei dagokienez, maitasuna edo harremanak topatu daitezke kantu askotan. Baina, ‘bihotza ukabilaren tamainako arma da’ diozue abesti batean.
Musikak esangura apur bat orokorra izan behar duela uste dugu. Bakoitzak bereganatzeko moduko mezua izatea. Gauza zehatzak esateak balio dezake batzuetan, baina jendeagaz konektatzeko orokorra izan behar da. Zuk diozun kantu hori izan daiteke guk talde lez pentsatzen duguna; gure taldea bihotz hori da, eta baita ukabila ere. Bakoitzak bere poztasun eta tristurak dauzka.
Zer asmo duzue datozen aste eta hileetarako? Kontzertu ugari duzue?
Traña-Matienakoaz aparte, Arrankudiagan joko dugu, 29an; Urduñan maiatzaren 5ean, eta gero Las Carrerasen ere bai. Egia esan, uda nahiko indartsu etorriko da. Hatortxu Rock jaialdian parte hartzeko aukera ere edukiko dugu, eta itzela da guretzat. Asko gustatzen zaizkigu horrelako musika festibalak. Hatortxuren edizio hau historikoa izango da, musikari lez eta bertan egoteak esan gura duenagatik ere. Bestalde, maiatzean gauza berezi bat argitaratuko dugu: Hegan abestiaren moldaketa bat; ezin dut askoz gehiago aurreratu.
Eta disko berririk argitaratzeko intentziorik ez?
Batek daki. Zelako uda pasatzen dugun ikusiko dugu lehenik, eta ea ideia batzuk ateratzen diren. Dena dela, inoiz ez zaigu gustatu aurreikuspenak egitea; gurago izan dugu kantuak sortu ahala erabakitzea zer egin. Momentuz kontzertuetan buru-belarri sartuta gabiltza, eta gauza desberdinak probatzen ere bai. Horixe da orain gure ardura.