Adineko pertsonekiko hiri lagunkoien sareagaz bat egin du Abadiñok

Itsaso Esteban 2017ko api. 26a, 10:32

Nagusien bizi kalitatea hobetzea du helburu Abadiño Lagunkoia proiektuak.

San Trokaz eta San Prudentzio nagusien elkarteek eraman zuten adineko pertsonekiko hiri adiskidetsuen sareagaz bat egiteko proposamena, atzoko osoko bilkurara. Dublingo deklarazioa aurkeztu zuten udalbatzarrera, eta aho batez onartu zuten Abadiñoko Independienteak, EH Bildu eta EAJ alderdiek. Abadiño zahartzaro aktiboa bultzatzen duen udalerri integratzaile eta irisgarria izateko pausoak emateko konpromezua hartu du udalbatzak.

Adineko pertsonen osasunean eta ongizatean eragina daukaten faktore sozioekonomikoak zein ingurumenekoak hobetzea da herriko nagusien elkarte biek martxan ipini duten Abadiño Lagunkoia izeneko ekimenaren helburua. Nagusien bizi kalitatean eta osasunean eragina duten zortzi arlo landu gura dituzte proiektu horren barruan, herritar guztien parte hartze zuzenagaz. Pertsona nagusien eskubide, beharrizan eta ahalmenez kontzientziatu gura dituzte abadiñarrak.    

Udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdiek jo zuten San Trokaz eta San Prudentzio elkarteen ekimena positibotzat. EH Bilduk azpimarratu zuen, onarturiko deklarazioan jasotako aldarrikapenak gauzatzeko ezinbestekoa izango dela udalak gaiaren jarraipen eta lanketa egitea, adierazpena ez dadin "deklarazio huts batean geratu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!