Proiektuak asteotan izaten duen erantzuna jaso eta egokitzapenak egin ahal izateko beraien balorazioa eskatuko diete, astero, Lehen Hezkuntzako umeei. Koordinatzaileen berbetan, lehen bi asteetan oso harrera beroa egin diote umeek proposamenari.
Epe luzera, eskolako ume eta gurasoen ohituretan eragin gura dute Oinezbusaren bultzatzaileek: eskolarako eguneroko bidean mugikortasun iraunkorra eta ohitura osasungarriak sustatu. “Umeak kalean modu seguru eta autonomoan ibili ahalko diren” auzo bilakatu gura dute Zelaieta, “umeen herri”. Edu Ogando eta Bea Gonzalez dira ekimenaren koordinatzaileetako bi, eta, diotenez, “orain gertatzen den bezala eskolan eta parkean bakarrik izan barik, umeak herriko txoko guztietan presente egotea” gura dute.
Hainbat tailer
Iaztik, hainbat ekintza antolatu dituzte umeek eta gurasoek Oinezbusagaz bat egitera animatzeko. Duela aste bi, patineteak eta bizikletak apaintzeko tailerra egin zuten, adibidez, eta segurtasunari eta zirkulazio arauei buruzko ikastaro bat jaso zuten zapatu goiz baterako antolatu zuten bizikleta martxan parte hartu zutenek.