'Danny y Roberta' antzezlana aurkeztuko du Banarte taldeak

Aimar Esteban 2016ko urr. 24a, 16:00

Maria Otxandiano eta Mikel Uriguena (Argazkia: Patxi Granado)

2015-2016 ikasturteko zortzigarren antzerki tailerrari amaiera emateko, kurtsoan zehar prestatzen egon diren antzezlana aurkeztuko dute Banarte antzerki taldekoek, urriaren 29an, Errota kultur etxean. Aitziber Bilbaok zuzendu du Danny y Roberta antzezlana, eta Maria Otxandiano eta Mikel Uriguena ibiliko dira aktore lanetan.

Aitziber Bilbao aktore elorriotarrak emandako tailerra iazko urrian hasi zen eta Durango, Abadiño, Elorrio eta Eibarreko ikasleek parte hartu dute. Azkenean bi izan dira tailer osoa egin eta amaierako antzezlana egingo dutenak. Urtebete lanean ibili ondoren Danny y Roberta antzeztuko dute lehen aldiz larunbat honetan Errota kultur etxean, 20:00etan.

Antzezlan hau, John Patrick Shanley-en Danny and the Deep Blue Sea-ren moldaketa da. Drama honek bi pertsona bakartien istorioa kontatzen du. Taberna batean topo egiten duten pertsonaiak dira, beraien miserietatik irteten lagunduko dien erlazioa bilatzen dute.

Errota kultur etxean izango da estreinaldia baina antolatzaileek gutxienez beste bi toki gehiagotan antzeztu nahi dute: “Hiru publiko ezberdinen aurrean jarri nahi ditugu sentsazio ezberdinak esperimentatzeko”.

2007an sortu zen Banarte antzerki taldeak formazioa izan du ardatz eta “oholtza gainera igotzea nahi baina ezin zutenentzat aukera bat izatea nahi genuen”, adierazi du Banarte antzerki tailerraren sortzaileetako bat den Rafa Herce aktoreak.

Maria Otxandiano eta Mikel Uriguenak antzeztuko dute bikote protagonista. Bientzako jendearen aurrean antzezten duten lehenengo aldia izango da. “Oso urduri daude, gauza bat orain arte tailerrean egin dutena da, eta beste bat, jendearen aurrean egitea. Karteletan beraien aurpegiak ikustean oso urduri jartzen dira”, azaldu du Hercek.

Hercek dioenez, “nahiz eta zure helburua aktorea bihurtzea ez izan, antzerkiak zuk zeure burua ezagutu eta neurtzen laguntzen dizu, jendearekin erlazionatu eta publiko baten aurrean hitz egiteko beldurra kentzen laguntzen dizu”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!