Muruetako birkalifikazioari buruzko herri galdeketa antolatzeko konpromezurik ez du hartu udalak

Anboto 2016ko mai. 23a, 20:47

Azken egunetan Abadiñoko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek adierazi dituen jarreren isla izan da gaurko ez-ohiko udalbatzarrean EH Bilduk aurkeztu duen mozioaren eztabaida eta bozketa. Murueta auzoan bi supermerkatu berri zabaldu ahal izateko lursail horren izendapena aldatzeko tramiteei ekin aurretik herri galdeketa bat egiteko eskatu du EH Bilduk mozio horretan. Proposamenaren kontra bozkatu dute Abadiñoko Independienteak alderdikoek, eta abstenitu egin dira EAJko bi ordezkariak.

Muruetako lursaila eraikigarri eta erabilera komertzialerako izendatzea "herriari eragiten dion gai estrategikoa" dela azpimarratu du Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak. Azpimarratu du, EH Bilduren mozioak mahai gaineratu duena ez dela "supermerkatuak bai edo ez", baizik gai horren inguruan herritarrei euren iritzia emateko aukera eskainiko dien udalak edo ez. Esan bezala, kontrako sei bozkagaz, aldeko bost bozkagaz eta abstentzio bigaz, EH Bilduren eskariak ez du aurrera egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!