Birkalifikazioari buruzko herri-galdeketa eskatzeko, sinadura bilketa hasiko du Kaleartean Plataformak

Anboto 2016ko mai. 4a, 14:16

Murueta auzoko lursail bat lur komertzial bezala birkalifikatzeak Durangaldearentzat "ondorio larriak" ekarriko dituela-eta, birkalifikazio horren inguruan herritarrek iritzia eman ahal izatea eskatzeko sinadura bilketa abiatuko du Kaleartean Plataformak. Mercadona eta Lidl supermerkatuen irekieraren iragarpenari elkarregaz erantzuteko sortu dute hainbat eragilek plataforma hori: Abadiñoko hainbat merkatari; Dendak Bai, Euskal Dendak eta EKA Kontsumitzaileen elkartea; eta ELA, LAB eta EHNE sindikatuak batu dira plataforman.

Merkatalgune berriak zabaltzeko Abadiñoko udaleko gobernu taldeak iragarri duen Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren kontrako iritzia agertu dute, Kaleartean Plataformako kideek, gaur, udaletxe aurrean, eskaini duten prentsaurrekoan.

Kaleartean Plataformaren ustez, "birkalifikazio honek aurrekari bat sortuko du enpresa handien ezarrera errazteko orduan", eta kritikatu dute, "udalak irizpide objektiborik barik" diharduela. Bestalde, enpresa handien irekierak, "etekinak handien artean banatzea" ekarriko duela azpimarratu dute: "Eurak baitira indartsuenak merkatuan".

Sinadura bilketa abian

Egitekotan, Arau Subsidiarioen aldaketa herri galdeketa bidez egin behar dela uste dute Kaleartean plataforman elkartutako norbanako eta eragileek. Horrelako egitasmo batek, "herriaren baimena" behar duela pentsatzen dute, "etikoki eta politikoki beharrezkoa" herri kontsulta bat burutzea.

Horregatik, Abadiñoko Udalaren osoko bilkuran herri-galdeketa egin dadin eskatzeko, sinadura bilketa abiatuko dute. Azaldu dute, bozkatzeko eskubidea duten abadiñarren %10aren babesa behar dutela eskaria udalera helarazteko.

Aurreratu dute, Traña-Matienan jaietan daudela aprobetxatuta, zapatu honetan, auzo horretan ekingo diotela sinadura-bilketari. Gainera, ekimenarekin bat egiten duten saltokietan eta enpresetan, eta Abadiñoko hainbat lekutan ere ipiniko dituzte sinadurak biltzeko guneak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!