Abadiño Euskal Herriko krosaren epizentro bihurtuko dute 1.200 korrikalarik domekan

Anboto 2016ko ots. 10a, 16:38
Ezkerretik hasita: Jose Maria Sainz, Eneko Etxebarria, Juanjo Anderez eta Jose Antonio Silva kroseko aurkezpenean.

Umetxoetatik beteranoetara, adin denetako kroslariak lehiatuko dira Eroskiren atzealdeko zirkuituan.

Umetxoetatik beteranoetara, elite mailakoetatik pasatuta. Guztira, 1.200 korrikalari. Abadiño Euskal Herriko krosak gaur egun eskaini dezakeenaren erakusleiho bihurtuko da domekan. Eroski supermerkatuaren atzealdeko belardian diseinatutako zirkuituak kros laburreko txapeldunak erabakiko ditu elite mailan eta beteranoei dagozkien dominak ere banatuko dituzte. Tartean, 600 bat gaztetxok eskolarteko txapelketan lehiatuko dute: “Puntako kirolariak etorriko dira Abadiñora eta hori gauza handia da. Baina berdin handia da 600 gaztetxo animatu izana ere, gazte-gaztetatik umeak kirolera zaletzea bide ederrena delako”, adierazi du Eneko Etxebarria udaleko kirol arloko zinegotziak.

Zirkuitu luze eta labur bana egokituko dituzte. 400 metroko laburra gaztetxoentzat eta 1.300 metroko luzea nagusientzat. “Aldaparik gabeko zirkuitu azkarra” dela dio Jose Antonio Silvak, ekimena antolatu duen Sekulebedarra Kirol Klubeko ordezkariak. Euria kontuan hartzeko faktorea izan daiteke.

Beteranoak izango dira lehiatzen aurrenekoak, 10:00etatik aurrera. Ondoren, 11:00etatik 12:15era, gaztetxoak mailaz maila irtengo dira. Azkenik, nagusien txanda izango da: 12:45ean gizonak eta 13:15ean emakumeak. Biek zirkuitu luzeari hiruna itzuli emango dizkiete.

Nagusien mailako faboritoen artean Iban Sanchez eta David Garcia gizonetan eta Leire Merina eta Iraia Garcia emakumeetan, nabarmendu dituzte. Garcia zornotzarrak iazko garaipena defendatuko du.

Norbanakoen denborak ez ezik, taldekakoak ere gertutik jarraitu beharko dira. Izan ere, aurreneko talde biek gizonetan eta lehenengo hirurek emakumeetan, otsailaren 28an Madrilen jokatuko den Espainiako txapelketan aritzeko aukera irabaziko dute Juanjo Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidenteak gogoratu duenez. Durangoko Kirol Taldea —kros luzeko txapelduna— Bidezabal eta Durangaldea Running dira eskualdeko ordezkariak.

Gaztetxoek ere asko dute jokoan. Bizkaiko selekzioa ordezkatuz Euskadiko txapelketan parte hartu dezaketela erakusteko azken aukera izango dute Jose Maria Sainz Bizkaiko federazioko presidentearen esanetan.

 

ORDUTEGIA (Otsailak 14, domeka)

10:00; Gizon beteranoak +35/40/45/50 (4 itzuli handi)

10:30; Gizon beteranoak + 55 eta emakume beteranoak (3 itzuli handi)

11:00; Umetxoen maila nesketan (2 itzuli txiki)

11:10; Umetxoen maila mutiletan (3 itzuli txiki)

11:20; Umeen maila nesketan (3 itzuli txiki)

11:35; Umeen maila mutiletan (itzuli handi bat eta txiki bat)

11:50; Kadeteen maila nesketan (itzuli handi bat eta txiki bat)

12:15: Kadeteen maila mutiletan (bi itzuli handi)

12:45; Maila absolutua mutiletan (3 itzuli handi)

13:15; Maila absolutua emakumeetan (3 itzuli handi)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!