Eskolako aterpeak oinarrizko segurtasun neurriak ez dituela betetzen dioen txostena publiko egin du EH Bilduk

Anboto 2016ko ots. 2a, 14:29

Gobernu taldeak eskatutako txosten tekniko horrek, urrian, "aterpea berehala ixtea" eskatu arren, ikasturte hasieratik Zelaietako eskolako haur eta gurasoak aterpe berria erabiltzen ibili direla azpimarratu dute EH Bilduko zinegotziek. Gaur egin duten agerraldian, txosten hori eskuartean izan dute, eta gobernu taldeari informazioa "ezkutatzea" egotzi diote.

EH Bilduko zinegotziek azaldu dutenez, aterpeak oinarrizko segurtasun neurriak betetzen dituela adierazten duen ziurtagiririk barik dago zabalik, Zelaietako eskolako aterpea, eta hiru txostenen arabera, "oinarrizko segurtasun neurriak" bete barik. Aterpearen egitura sendotzea edo aldatzea gomendatzen dute aipaturiko txosten horietan, arkitektu batek eta aparejadore batek.

"Administratiboki begiratuta bakarrik, ez da zuzena ziurtagiririk barik aterpea zabaltzea", azpimarratu du Mikel Urrutia zinegotziak. Urrutiaren arabera, baina, hori baino larriagoa da kontua, "gainera, udalak agindutako ikerketen arabera, aterpeak ez baititu segurtasun neurriak betetzen".

Obraren espedientea eskatuta eskuratu ahal izan duten dokumentazioa eskolako zuzendaritzari zein guraso elkarteari ere helarazi diotela azaldu dute EH Bilduko zinegotziek: "Informazio hau eskuartean izanik, hemendik aurrera hartu beharreko neurriak erabaki ditzaten".

Aldi Baterako Enpresa Elkarte batek izan du eskolako aterpea eraikitzeko ardura. "Obra osoan zehar arazoak egon dira: atzerapenak eta ez-ordaintzeak gertatu dira, esaterako", azpimarratu du Aitor Azueta zinegotziak. "Irailean aterpea zabaldu ezean, jendeak bere kudeaketa zalantzan ipiniko zuela pentsatuko zuen alkateak, eta horregatik zabalduko zuen beharrezko ziurtagiririk barik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!