Gonzalez eta Aspuru Tornosolo Kopako finalerdien bila, gaur

Anboto 2015ko aza. 20a, 13:35

Trinketeko sei pilotaririk onenetakoekin gaur hasiko dute elite mailako Tornosolo Kopa, Abadiñon. Final laurdenetako partidu bi jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Mikel Gonzalez berriztarra eta Asier Aspuru abadiñarra izango dira protagonistetako bi.

Gonzalezek Oier Gurutzealde astigarragarraren kontra jokatuko du. Gaur egun, trinketean ikusi daitekeen partidurik interesgarrienetakoa da. Berriztarra Ipar Euskal Herrian jokatzen ari da aspaldian, modalitateko onenekin, eta joan zen astean, Baionako txapelketa irabazi zuen. Gurutzealde ere sasoi bete-betean heldu da Tornosolo Kopara; orain hilabete eskas, Mexikon jokatutako Munduko Kopan brontzezko domina irabazi zuen, eta aurten, Euskal Liga ere poltsikoratu du. Gonzalez izango da faborito, bera baita, gaur egun, trinketeko izarra Hego Euskal Herrian, baina Gurutzealde gorantz doan pilotari gaztea da, azken asteetako lorpenek erakusten dutenez.

Bigarren final laurdenean Asier Aspuruk eta Thierry Harismendy-k neurtuko dituzte indarrak. Aspuruk iragan asteetan jokatu den promesen mailako Tornosolo Kopa irabazi du —finalean Aitor Arabiourrutia herrikidea menderatu zuen— eta garaipen horrek eman dio onenekin aritzeko eskubidea. Lesio txiki batetik indarberrituta dagoen Harismendy izango da faborito argia. Promesa mailako txapelketan ez bezala, Aspuruk ez du irabazi beharraren presiorik sentituko gaur. Egoera hori bere onerako baliatuz, sorpresa ematen saiatuko da abadiñarra.

Tornosolo Kopan parte hartuko duen seikotea iazko txapeldun Inhar Ugartek eta iazko azpitxapeldun Ander Antxiak osatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!