Arkaitz Munitxa: "India ez da erraza; sentsazio kontrajarriak sortzen dizkizu"

Anboto 2015ko aza. 15a, 10:00
Arkaitz Munitxa (Abadiño, 1979) irakaslea da ofizioz.

‘Indian dena da posible’. Hainbat bider entzundako esaldi horren zergatia ulertu guran joan da Arkaitz Munitxa Indiara. “Herria berezia” dela-eta, ikuspuntu propioa izan guran abiatu zen irail erdialdean. Dagoeneko, bere neskalagunak eta berak 3.000 kilometro egin dituzte motorrean, eta beste horrenbeste egin gura dituzte.


Non harrapatu zaitugu?
Iparraldeko Himachal Pradesh eta Uttarakandeko Himalaya aldea bisitatu ondoren, Jaipurren (Rajastan) gaude. Asmoa Rajastan eta Gujarat estatuak ezagutzea da, eta, hegoaldean, Hampi hirian amaitzea. Munduko bloke eskalada lekurik onenetarikoa dela diote. Hortik aurrera, Myanmar, Laos...batek daki! Lotura gabeko bidaian, egunero alda daitezke planak. Dakidan bakarra apirilean bueltako hegaldia dudala.

‘Poderosa’ motorra duzu bidelagun bakarra?
Ez, ez. Zorionez, neskalaguna ere badut bidelagun. Poderosa izena lagun baten iruzkinetik hartu dut. Astebete egon zen izen gabe koitadua! Indiako trafiko kaotikoari aurre egiteko, ondo datorkio... (barrez). 3.000 kilometro pasa egin ditugu eta, gutxienez, beste horrenbeste egitea da asmoa.

Nepalera zinen joateko...
Ez da posible izan. Hango konstituzioaren aldaketak Indiaren lehengaien hornidura blokeoa ekarri du, petrolioa barne. Zoritxarrez, nepaldarrek sufritzen dituzte ondorioak, berriro.

Inori ‘Diarios de motocicleta’ ekarriko zenion gogora…
Motorrak duen itxura eta izenagaz, seguruenik bai. Motor batekin bidaiatzeak dakarren abentura puntua ere antzerakoa izango da. Dena den, bidaia hau duela 60 urte edo orain egiteak ez du zerikusirik.

Ze sentsazio sortu dizu?
India ez da erraza; sentsazio kontrajarriak sortzen dizkizu. Lehenengo harritzen zaituena dagoen superpopulazioa da. Alde guztietan dago jendea! Miseria, zarata, poluzioa, zikinkeria… hor daude. Hori guztia alde batera utziz, euren bizitzeko eta izateko era apur bat ulertzeko gai bagara, herri liluragarrienetariko bat aurki genezake. Jendearen umiltasun eta borondate onagaz gelditzen naiz. Kolore eta usain amaigabez, paisaia dibertsitate zoragarriz eta gastronomia ezin hobez betetako mundua da.

Uztailean Alpeetan ibili zinen.
Alpeetako bidaia itzela izan zen, laguntasun ezin hobean egina! Zaletasun handi bi ditut: mendia eta bidaiatzea. Askatasun sentsazioa ematen didate biek. Egunerokoan sentitzen dugun babesa desagertu, eta egun bakoitza abentura handi bat bilakatzen da.  

Europan ibili zara txalapartagaz. Hegoamerikan ere...  
Bidaia guztiek izan dute zerbait berezia. Akaso, lehenengoa izan zelako-edo, Europara egindakoak ekartzen dizkit oroimen politenak. Lagun min bategaz bost hile eman nituen txalapartaren doinuak ezagutarazten. Gero etorri dira Kubara bizikletagaz, Hegoamerika, Hegoekialdeko Asia, Vietnam motorragaz… denetan ikasi dut zerbait.

Txapela buruan eta ibili munduan. Nomada bat zara?
Nomada baino, abenturazalea. Bidaiatzea gauza ederra da benetan. Hala ere, nor naizen, nondik natorren badakit; nire familia, lagunak eta mendiak zeintzuk diren badakit.

Bueltarako erronkarik?
India iparraldean, Cachemira eta Ladakh ezin izan ditut bisitatu negua gainean nuelako. Nepal ere hor geratu da. Bizikletan edo motorrean egitea ez legoke txarto. Baina, bidaia hasi baino ez dut egin, bueltan… batek daki!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!