Abadiñoko ziklo-krosean Hernández irabazle eta Murgoitio bosgarren

Anboto 2015ko urr. 26a, 10:12
Aitor Hernándezek garaipen bi lortu ditu asteburuan

Aitor Hernándezek gaur egun sasoirik onenean dagoen ziklo-kroslaria dela erakutsi du asteburuan Abadiño eta Karrantzako probak irabazita. Egoitz Murgoitio oso ondo aritu zen Abadiñoko berragerpenean.

Espainiako txapelduna den Aitor Hernándezek (Specialized-Ermua Impulso) denboraldiko laugarren eta bosgarren garaipenak lortu zituen zapatuan Abadiñon eta domekan Karrantzan. Egun ez dago kontra egingo dionik, indartsu hasi du denboraldia eta bata bestearen atzetik garaipenak pilatzen ari da.

Abadiñokoa euskal egutegiko bigarren proba izan zen. Espero baino zirkuitu lehorragoan lehiatu ahal izan zuten. Lehen itzulian taldean joan ziren, Felipe Orts-ek erritmo indartsua ezartzen zuela. Bigarren itzulia osatu aurretik Hernándezek erasoa jo zuen eta inork ezin izan zion gurpila jarraitu. Helmugan 19 segundo atera zizkion Javier Ruiz de Larrinagari. Hernández pozik zegoen lasterketaren amaieran: “Hasieran ez da bat ere erraza izan, zirkuitua arin zegoelako eta Felipe [Orts] indartsu zebilelako. Egunetik egunera maila orokorrra gorantz doa eta hori beti positiboa da niri ere hobetu arazi egiten didalako. Pozgarria da hain indartsu ibiltzea”. Ortsek 23 urtez azpikoa irabazi zuen.

Azpimarratzeko modukoa izan zen Egoitz Murgoitioren (Eiser-Inforlur / Duranguesa) berragerpena ere. Abadiñarrak motibazio handiz lehiatu zuen etxean, zaleen aurrean, eta bosgarren sailkatzea lortu zuen. Hernándezek baino 4.47 minutu gehiago behar izan zituen proba osatzeko.

Garcia eta Lanz bosgarren gazteetan

Durangaldeko taldeetan dabiltzan beste hainbat txirrindulari ere nabarmendu ziren Abadiñon. Gazte mailan Gontzal Garcia (Beste Alde–La Tostadora) bosgarren saikatu zen gizonetan eta Paula Lanz-ek (Bizkaia-Durango) postu berdina lortu zuen emakumeetan.

Master 40 mailan bosgarren amaitu zuen Manuel Quintanillak (Elorrioko Banan Banan) eta Master 50-60 mailan zortzigarren sailkatu zen Jesus Maria Alzola (Abadiño Muntsaratz taldea)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!