Abadiñon, umeen aisialdirako hainbat aukera, udan

Anboto 2015ko mar. 26a, 09:52

Ludoteka eta udalekua eskainiko ditu uztailean Abadiñoko Udalak, 3 eta 16 urte arteko umeei eta gazteei zuzenduta.

Ludoteka eta 9 urtera artekoentzako udalekuak uztailaren 6tik 17ra, 09:30etik 13:30era, izango dira, Zelaietako eskolan. 10 eta 16 urte artekoentzako, bestalde, eskaintza bi luzatu dituzte: batetik, ekainaren 28tik uztailaren 4ra, astebete beste herri bateko ostatu edo camping batean emateko aukera izango dute gazteek, eta tailerrak, kirola eta aisialdiko beste hainbat jarduera egingo dituzte. Gainera, uztailaren 6tik 10era Abadiñon bertan egingo dituzten udalekuetan parte hartu ahalko dute gazteek.

Udal gobernu taldeko arduradunek azpimarratu dutenez, ekintza horien helburua da “neskato-mutikoek opor giroko jarduera atseginetan parte hartzea, eta haien adin eta gustuetara egokitutako ekintza eta tailer ludikoetan jarduteko aukera eskaintzea, jolasaren bitartez ondo pasatu eta ikasi dezaten”.

Apirilaren 13ra arte egongo da udako ekintza horietan parte hartzeko izena emateko aukera. Udal Mediatekan zein Errota kultur etxean eman daiteke izena. Interesa duenak Abadiñoko Udalaren webgunean aurkituko du prezioen eta daten gaineko informazio zehatza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!