Taxi lizentziak eskuratzeko aukera berberak denentzat

Anboto 2014ko urr. 16a, 11:44

Abadiñarrek orain arte lehentasuna izan dute. Aurrerantzean, baina, lizentzia eskuratzeko aukera berbera izango dute abadiñarrek zein herrikoak ez direnek.

Taxien ordenantzaren hirugarren artikulua ezabatzea proposatu zuen Abadiñoko Independenteak taldearen udal gobernuak iraileko azken martitzeneko osoko bilkuran. Udal gobernuak eta EAJk egin zuten proposamenaren alde. Ordenantzatik kendu duten artikulu horrek taxi lizentzia bat eskuratzeko lehentasuna ematen zien abadiñarrei. Aurrerantzean, beraz, lizentzia horiek eskuratzeko aukera berbera izango dute abadiñarrek zein herrikoak ez direnek.

Jose Luis Navarro alkateak argudiatu zuen inguruko herrietako ordenantzetan ez zaiela bertakoei lehentasuna ematen, eta ez dela bidezkoa Abadiñok bereizketa hori egitea.

Bilduk kritikatu egin zuen proposamena, eta artikulua kentzearen kontra bozkatu zuen. Bilduk uste du lehenbizi abadiñarrei eman behar zaiela taxi lizentzia eskuratu, eta lanpostu bat lortzeko aukera. Bestalde, lizentzia eskualdatzeko prozesuetan udalak ere parte hartu beharko lukeela azpimarratu zuen Aitor Azueta Bilduko bozeroaleak. Bere ustez, horrela eginez gero, espekulaziorako aukerak mugatuko lituzke udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!