Abadiñoko jabekuntza eskolan bederatzi ikastaro eskainiko dituzte

Anboto 2014ko ira. 23a, 09:50

Bederatzi ikastaro eta tailer eskainiko ditu Abadiñoko Jabekuntza Eskolak 2014-2015 ikasturtean. Askotarikoa da emakumeentzako eskola horretako eskaintza; dantza edo antzerki tailerretatik hasi, eta lana bilatzeko nahiz estresa gutxitzeko tekniken inguruko ikastaroetaraino. Jabekuntza eskola “prestakuntza eta topaketa feministarako bilgune izatea” da bultzatzaileen helburua.


Aurreko urteetan bezala, gai bakoitzean aditua den emakume batek gidatuko du ikastaro edo tailer bakoitza. Iaz, 91 emakumek hartu zuten parte Abadiñoko Udalak eskaintzen dituen ikastarootan.

Abadiñoko Udaleko Berdintasun Arloko arduradunek azaldu dutenez, ikastaroak hasi baino astebete lehenagora arte egin ahalko da matrikula. Errota eta Txanporta kultur etxeetan zein berdintasuna@abadiano.org e-mailean eman daiteke izena. Matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da abadiñarrentzat, 30 eurokoa beste herri batzuetakoentzat, eta 5 eurokoa ikasleentzat eta langabeentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!