Oinezkoei lehentasuna emateko lanei ekingo diete Zelaietan

Anboto 2014ko abu. 28a, 13:00

Astelehenetik aurrera ibilgailuek ez dute San Trokaz plazara sartzerik edukiko. Oinezkoen lehentasunezko gunea izango da, beraz, datorren astetik aurrera, eskola, pilotalekua, eliza eta udaletxea dauden Zelaieta auzoko inguru hori.

 

Astelehenetik aurrera bertako bizilagunek bakarrik izango dute plazaren ingurura autoz sartzeko baimena. Gainerako herritarrek trinketaren eta probalekuaren ondoko aparkalekuan utzi beharko dute ibilgailua. Udaleko gobernu taldeak jakinarazi duenez, Zelaietako hirigintza planaren barruan hartuko duten lehenengo neurria da aipaturikoa.

Gobernu taldeak azpimarratu duenez, azken urteetan asko gehitu da San Trokaz inguru horretan autoen joan-etorri kopurua. Udalak adierazi du neurri horregaz gune horretako herritarren lasaitasuna eta bizi-
kalitatea hobetu gura duela.

Bestalde, 2013ko udaberrian hirigintzari lotuta auzoan garatu zuten parte-hartze prozesuan hartutako erabakiak gauzatzen joateko asmoa agertu du udalak.

Datozen asteetan, helburu horregaz beste obra bat abiaraziko duela ere jakinarazi du Abadiñoko Udalak. Hain zuzen, Iturritxo kalea Dendarikoaraino luzatzeko lanak egingo dituzte, Ferialeku plazara eta Dendarikoara doazen ibilgailuek Txanporta plaza zeharkatu behar ez dezaten. Obra hori egin ahal izateko, Iturritxo kalearen amaierako ortuen jabeekin akordioa lotu du udalak, eta 135.000 euro bideratuko ditu lanok finantzatzera.
Lanen bigarren fasean, Txanportako biribilgunea kentzea eta gune horretan ere autoen sarbidea galaraztea helburu izango duten lanak egingo dituztela aurreratu du udal gobernuak.

Auzoan oinezkoei lehentasuna emateko hainbat neurri zehaztu zituzten auzoko espazio publikoaren berrantolaketarako 2013an garatu zuten parte-hartze prozesuan. Tartean, ikasturte honetan egingo dituztenak. Herritarren adostasunik handiena lortu zuten hogei proiektuak aukeratu zituzten, eta, esate baterako, Txanporta plazaren izaera berreskuratzea zen horietako bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!