Auzotarrentzako emanaldian eskainiko dute '7 aulki' antzezlana, bihar

Anboto 2014ko mai. 15a, 13:23
Traña-Matienako sanprudentzioetan eskaini zuten '7 aulki' antzezlana, lehenengoz. Zelaietako 26 gaztek osaturiko antzerki tailerrean sortu zuten obra. Bete egin zen Errota kultur etxea gazteek sorturiko obra ikusteko, eta bigarrenez antzeztuko dute bihar, Zelaietako jaietan, 22:00etan, probalekuan. “Trañako lehenengo emanaldiagaz pozik” daudela esan du taldea gidatu duen Eñaut Uruburuk, baina “hobetu daitezkeen gauzak zuzentzeko” asmoa dutela ere azpimarratu du.


Uruburu abadiñarrak idatziriko gidoia dago antzezlanaren oinarrian, abadiñarrez idatzirikoa. “Zaindu gura izan dut hizkuntzaren arlo hori, besteak beste, gazteei herriko hainbat esaera ezagutu eta erabiltzeko aukera ematen dielako”. Entzuten den moldean idatzi du Uruburuk: “Iruditzen zitzaidan oholtzan esango duten bezala irakurtzeak erraztu egingo ziela lana, ez nuen nahi nik euskara batuaz idatzi eta eurei abadiñarrez egiteko eskatu”. Hizkuntzarekiko, berbekiko Urubururen zaletasunak eta jakin-minak badu obraren testuan islarik.


“Egitasmo polita izan litekeelakoan” proposatu zuen Eñaut Uruburuk antzerki tailerra martxan jarri ahal izateko aukera, eta gazteen aldetik jasotako erantzunak harritu zuela kontatu du: “Ez nuen horrenbeste jendek izena ematerik espero”.


Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko Zelaietako eta Abadiñoko beste auzo batzuetako 26 ikasle elkartu dira proiektuan: 12 eta 17 urte arteko gazte abadiñarrak. Antzezlana moldatu egin dute denen artean, lantalde hain handiagaz landu ahal izateko: hasierako gidoian aurreikusi bako hainbat pertsonaia sortu dituzte, eta erronka handia izan da; muntaia guztia pentsatu eta gauzatzea ere erronka izan da. Denen artean aurrera ateratako erronka.


Umoretik adina dauka dramatik eta seriotik 7 aulki antzezlanak. Ageriko mezurik ez, baina topatu gura duenarentzat mezu sakoneko obra da. “Alde komikoagaz, anekdotikoagaz geratu gura duenak ederto pasako du, baina bestelako edukirik bilatu gura duenak interpretazioak egiteko aukera du”.  

Duela hamarkada bat inguru Mikel Azkarragak idatziriko lau antzezlan oholtzaratu zituzten herriko hainbat gaztek, eta talde horretan jardun zen Eñaut Uruburu ere. Aurten bera baino gazteagoekin tailerrean aritu da Uruburu. Abadiñoko gaiak, bertako leku izenak, herriko pertsonaiak, Abadiñoko istorioak eta historia zatiak kontatu zituzten duela 10 urteko emanaldietan. 7 aulki obrak ere egiten dio erreferentziarik Abadiñori, baina beste edozein lekutan koka litezkeen metaforez osaturiko istorioa da, Urubururen berbetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!