Vendettaren ska doinuak eta Enkore taldearen rock kantak entzungai

Anboto 2014ko api. 23a, 12:45
Maiatzaren 3an, Traña plazan izango da San Prudentzio jaietako musika jaialdia. Txosna Batzordeak antolatuta, 18:30ean rock kalejira izango da lehenengo eta gauean, 23:00etatik aurrera, Enkore laukote bilbotarra eta Tour for freedom biran diharduen Vendetta talde nafarra ariko dira.


Rock musika egiten duen taldea da Enkore: 2009. urtean Bilboko Errekalde auzoan sorturiko laukotea. 2012ko Gaztea Maketa Lehiaketan epaimahaiaren saria irabazi zuen, eta beste hainbat lehiaketatan ere saritua izan da. Urteotan 70 kontzertu baino gehiago eskaini ditu Enkorek. Kanala izeneko bigarren diskoa kaleratu berri du, eta lan horretarako sorturiko kantak joko ditu Abadiñon, zuzenean.


Bestalde, Enkore taldea sortu zen urte berean, 2009an, lehenago Skalariak taldean aritutako hainbat musikarik sorturiko taldea da Vendetta, eta ska doinu dantzagarriak ekarriko ditu Traña-Matienako sanprudentzioetara. Hamarkada bat baino gehiago daramate taldeko musikariek ska musika egiten, eta 2009. eta 2010. urteetan nazioartean ehun kontzertu baino gehiago eskaini zituen. Laugarren diskoa izango dutena prestatzen dabil, besteak beste, orain.


Bertso saioa
San Prudentzio jaietan faltatu ezin den hitzordua da apirilaren 30eko Errota kultur etxekoa: Abadiñoko Gogaikarri bertso eskolak antolaturiko bertso saioa. Unai Iturriaga, Mañukorta, Jon Maia eta Alaia Martin bertsolariak ariko dira saio horretan Maite Berriozabalek emandako gaien inguruan kantuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!