Apirilaren 6ko umeen dantzari egunerako prestaketak

Anboto 2014ko mar. 20a, 12:09
Durangaldeko 460 ume batuko dira, apirilaren 6an, Traña-Matienan ospatuko duten umeen dantzari egunean. Deialdia luzatu dute, egun horretan bazkalorduan umeak etxean hartzeko prest dagoen jendeak izena eman dezan.

 

Hamalau taldetan diharduten Durangaldeko 460 ume batuko dira, apirilaren 6an, Traña-Matienan ospatuko duten umeen dantzari egunean.

Egun osoko egitaraua antolatu du Traña-Matienako Iluntze dantza taldeak egun horretarako: auzoan kalejira egingo dute goizean, bazkaritarako batuko dira gero, eta Alardea eskainiko dute, 17:00etan, Traña plazan. Besteak beste, Iluntze taldeko 3 eta 17 urte arteko 44 dantzarik parte hartuko dute ekitaldietan.


Eguneko ekitaldietan parte hartuko duten beste herri batzuetako dantzariei bazkaritarako lekua bilatuko diete antolatzaileek. Taberna eta txokoetan elkartuko dira hainbat dantzari bazkaltzera, eta herriko etxeetan hartuko dituzte beste hainbat ume.

Deialdia luzatu dute, bazkalorduan umeak etxean hartzeko prest dagoen jendeak izena eman dezan: martxoaren 28ra arte, Hezgarri eta Petite liburu dendetan eta Errota kultur etxean eman daiteke izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!