Banarte Abadiñoko taldearen Guernica 1913 obrari eman dio Antzerki Amateurraren Espainiako Konfederazioak sari nagusietako bat. Antzerki garaikidearen atalean eman diote saria.
Konfederazioaren urtarrilaren 31ko batzar orokorrean, aho batez erabaki zuten kideek saria Banarteren lanari ematea, eta 2014ko azaroan Granadan egingo duten jaialdian banatuko dituzte sariak.
Antzezlan garaikideen atalean jaso du saria Banartek, baina klasikoaren, dantzaren, musikaren edo umeen antzerkiaren arloan ere banatu dute saririk. Antzerki tailerrik onenari ere egin diote goraipamenik.
Benetako gertakarietan oinarrituriko obra da Guernica 1913, eta urrian, Gernikako Lizeo antzokian estreinatu zuten: Gernikazarra historia taldeko Txato Etxanizek jasotako informazioan oinarriturik, eta haren aholkularitzagaz, Rafa Herce Banarte taldeko kideak idatzirikoa da obra, eta Sardo Irisarri eibartarrak jardun du zuzendari.
XX. mende hasieran Gernikan jazotako klase borrokari loturiko gertaera historikoa du antzezlanak oinarri: armagintzako Esperanza y Unceta enpresako (gero Astra bezala ezaguna egingo zena) langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egin zuten greba, hain zuzen.
Lantokia Eibartik Gernikara aldatu dietenean, Busturialdera lan egitera eta bizitzera doazen Fermin Larragoicoa eta Justina Garate bikotea, eta Arrate euren alaba dira protagonistak.
Egungo “balio eta borroka molde aldaketa, eta altxatzea horrenbeste kosta zena zelan jausten doan”, erakutsi gura dute lan honegaz Banartekoek.