“Aurreko denboraldietako motibazioa falta zait eta ziklo-krosa uztea erabaki dut”

Anboto 2014ko urt. 28a, 14:39

Egoitz Murgoitiok (30 urte, Abadiño) ziklo krosa uztea erabaki du. Arrazoi nagusia "motibazio falta" da. Iazko azaroan Munduko Kopako lasterketa batean erori zenetik lehiatu barik zegoen.

Euskal Herriak azken urteetan ziklo krosean eman duen ordezkari nagusienetakoak txirrindularitza uztea erabaki du. "Motibazio falta" da arrazoi nagusia:"Denboraldia hasi zenen ere igartzen nuen motibazio falta hori. Hau da, beti gogoz eta ilusio handiz aurre egin izan diot denboraldi bakoitzari, baina aurten ez zela horrela sentitzen nuen. Entrenamenduak, nazioartera joatea… sarritan obligazio lez ikusten nituen. Fisikoki ondo nago, baina ez dut aurreko urteetako ilusiorik", adierazi du Murgoitiok.

Iazko azaroan Munduko Kopako lasterketa batean erori egin zen eta saihetsetan min hartu zuen. Huraxe izan zen lasterketa ofizial batean parte hartu zuen azken aldia. Berrizko martxan parte hartzen saiatu zen hurrengo egunean, baina minak ez zion utzi. Harrezkero, errekuperazio prozesua ahalik eta gehien aurreratzen saiatu dela adierazi du, baina ez du nahi bezain azkar errekuperatzea lortu eta denboraldia amaitzear dago. Lesioak aurretik zekarren motibazio falta handitzea eragin diola adierazi du, baina ilusio falta hori aurretik zetorren zerbait zela dio, denboraldia hasi zenetik bertatik. Dena den, lesionatu aurretik oso emaitza onak lortu izan ditu Munduko Kopako lasterketetan. Sailkapen nagusiko hamargarren tokian kokatu zen denboraldiko une batean.

Bere erabakiarekin ez du dramarik eragin gura:"Gura dudanean utzi dut eta neure erabakiz izan da, ez kanpoko faktoreren batek eraginda. Ez dut nire erabakiak inpresio txarrik uztea gura. Nire bizitzan urrats positiboa izango dela uste dut".

Orain ikusi egin beharko da Hirumet taldeagaz zer gertatzen den. Txirrindulari bik osatzen zuten taldea: Egoitz Murgoitiok eta Jonathan Lastrak. Lastrak Caja Ruralegaz errepidean lehiatuko du datorren denboraldian, eta Hirumet taldea utzi egingo du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!