"Dokumentatu behar izan dudanez, asko ikasi dut liburua idaztean"

Anboto 2013ko abe. 19a, 14:40
‘Pendrive’ narrazio bilduma kaleratu berri du Arrate Mardaras abadiñarrak Susa argitaletxeagaz

‘Pendrive’ narrazio bilduma kaleratu berri du Arrate Mardaras abadiñarrak Susa argitaletxeagaz.

 

Durangoko Azokan, Ahotsenean, aurkeztu zenuen liburua. Zelako esperientzia izan zen?

Jende asko bertaratu zen, eta oso laburra egin zitzaigun, egia esan. Miren Agur Meabek galderak egin, eta nik ipuinez ipuin eman nituen argibideak. Pena izan zen jendeak galderak egiteko astirik eduki ez izana.

 

Zer argibide eman zenuen?

Zenbaitzuek esana zidaten ulertzeko zaila zela liburua, eta egia da, laburra izan arren, apur bat trinkoa badela: arretaz irakurri beharrekoa da. Gako batzuk eman nizkien, horregatik. Alde batetik, bost ipuin daude, kronologikoki emandakoak; kobazuloetan kokatutakoa lehenengoa, eta 36ko gerran azkena. Tartean, beste istorio bat dago, Sindarena, eta independenteak diren beste hainbat ipuin ere badaude.

 

Ipuina garatzen den sasoia edozein dela ere, ipuin guztietan agertzen da maitasunaren gaia.

Bai, denetan ageri da maitasun istorioren bat. Maitasunaz gainera, beste bi arlo lantzen ditu liburuak: Euskal Herriko historiari dagokiona, batetik, eta literaturagaz loturikoa, bestetik.

 

Ipuin bereizi horiei, pendrive-ak ematen die batasuna.

Bai, kontua da editore baten mahai gainean pendrive bat agertu dela, eta norena den jakin ez arren, argitaratzea erabakitzen duela. Editorearen hasiera eta amaierako azalpenetan kontatzen da hori.

 

Ipuinak amaituta zenituela sortu zaizu USB memoriaren ideia, edo hasieratik eduki duzu?

Hasierako ideia da. Ez nuen ipuin independenteen segida bat egin nahi, lotura bat eman gura nien. Horrela bururatu zitzaidan pendrivearen ideia.

 

Zer dakar pendriveak barruan?

Liburuko ipuinok dakartza barruan, testuak. Sindaren kasuan, irudiak ere agertzen dira.

 

Idazlearen literaturari eta jardunari buruzko oharrak ere irakurgai daude zure liburuan.

Bai, tonu serioa kentzeko helburuz egin dut: lehenengo bi ipuinen amaieran ematen ditut azalpen horiek. 36ko gerran kokaturiko istorioaren aurretik, idazlearen zirriborro bat ere agertzen da, eta literaturaren balioaz ere badihardut.

 

Zelako komentarioak jaso dituzu liburuaren inguruan?

Oraindik oso denbora gutxi igaro da kaleratu nuenetik (azaroaren 27an kaleratu nuen), eta, momentuz, iruzkinak oso gertuko jendeak egin dizkit. Gustatu zaiela esan didate.

 

Durangaldea ere agertzen da liburuko beste ipuin batean?

Bai, Ginebra erreginaren itzulera ipunean. Joseba Sarrionandiak duela 30 urte egin zuen Ginebra erregina erbestean ipuina dago narrazio horren oinarrian. Izurtzako Etxeburuko dorretxean kokatu dut Arturo erregearen mitoa. 30 urtean Euskal Herrian gertatu dena gehitu dut, bigarren bertsio bat eskaini dut. Durangaldea Gaztela bihurtu zen sasoian kokatu dut nire narrazioa, baina aurrera eta atzera egiten dut denboran. Eta esperantzarako aukera zabalik uzten dut amaieran.

 

Noiz hasi zinen liburu honetarako ideiak lantzen?

Ez dut oso zehatz gogoratzen, baina uste dut Ginebraren ipuina izan zela lehenengoa: joan zen urtean idatzi nuen.

 

Argitaratu duzun lehenengo liburua hau izan arren, lehenago ere idazten aritakoa zara, ezta?

Badauzkat testu eta poema batzuk aspaldi idatzitakoak, baina jarraipenagaz, eta serio, sekula ez dut idatzi. Zerbait hasi, ideia bat abiatu, eta bertan behera utzi izan dut orain arte.

 

Zergatik erabaki duzu liburu hau argitaratzea?

Honek gauza serio bat egiteko eta ondo pasatzeko aukera ematen zuela pentsatu nuen. Zentratzeko momentua zela. Daukadan denbora idaztera bideratzen dut azkenaldian.

 

Zelakoa izan da liburuaren idazkuntza prozesua?

Guztiz gozagarria izan da sorkuntza prozesua. Hainbat konturi buruz dokumentatu behar izan dudanez, asko ikasi dut. Hizkuntzarekin ere jolasteko aukera izan dut: latinismoak erabili ditut, esate baterako.

 

 

“Gertatzen dena da ipuinak ez direla
nobelak bezainbeste baloratzen”

 

\"\"Emakumeek idatziriko literaturaren historiaren azterketek ipuinen generoa eta emakumezko idazleak lotzen dituzte, askotan. Mendetan emakume idazleek bizimodua literaturatik egiteko izan dituzten zailtasunak eta beste hainbat desabantaila aipatzen dituzte joera horren azalpen bezala: betebeharrek denbora gutxi utzi izan dietela, esaterako, epe luzeagoko proiektuei ekiteko.

 

Bere sorkuntzagaz lotura egin, eta elkarrizketako une batean ideia hori mahaigaineratuta, “ez nago batere ados”, erantzun du Arrate Mardarasek: “Ez dut uste ipuinetan ibili denik emakumea. Gertatzen dena da, ipuinak ez direla nobelak bezainbeste baloratzen, eta emakume idazle ezagun askoz gutxiago dagoela. Denetik idatzi dute emakume zein gizonek, baina beste arlo batzuetan bezala, gutxiago ezagutzen da emakumeena. Izengoitiekin idatzi izan dute emakume askok: gizon izenez argitaratutako literatura famatu asko, benetan emakumezkoena izatea oso posible da”.

 

Hain zuzen, inork nor den jakin barik zer edo zer oso ona argitaratzea gustatuko litzaiokeela aitortu du Mardarasek. Baina ia ezinezkoa ei da hori, gaur egun. Pendrive bere liburuan, sinatu bako idatziak bere izenean erregistratzen ditu editoreak. Edozelan ere, egiletzari alde positiboa ikusten dio Mardarasek: irakurleekin harreman zuzena izateko aukera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!