Martitzeneko lan istripua salatu dute enpresa parean

Anboto 2012ko aza. 15a, 15:33

Trokel bat aldatzen ziharduela makinak harrapatuta hil zen, martitzen goizean, Eibarren bizi zen 54 urteko gizonezkoa. Dozenaka herritar batu dira eguerdiko kontzentrazioan

Trokel bat aldatzen ziharduela makinak harrapatuta hil zen, martitzen goizean, Eibarren bizi zen 54 urteko gizonezkoa. Lebario industriguneko Talleres Unamunzaga enpresan gertatu zen lan istripua.

 

Senide eta lagunei elkartasuna agertzeko eta lan istripua kritikatzeko, dozenaka herritar batu dira gaur eguerdirako ELA eta LAB sindikatuek deitutako kontzentrazioan. Enpresaren parean batu dira, 12:30ean. Kontzentrazioaren deitzaileen izenean ELAko Leire Herediak eta LABeko Ibon Zubielak egin dute berba. Herediak gogoratu du dagoeneko 45 behargin hil direla lan istripuz Hego Euskal Herrian: “Lan osasuneko politikak gero eta okerragora doaz”. Istripuaren ikerketa exijitu du, gero erantzukizunak eskatu ahal izateko. Zubielak ere ikerketa sakona egitea aldarrikatu du: “Langileek diotena da makina horrek ez zeukala neurri prebentiborik”. Bere ustez lan istripu guztiak ekidin ahal dira, eta martitzenean jazotakoa ere bai. Horretarako, lan baldintzak aldatzea exijitu du, oinarrian prekarietatea dagoela esanez: “Istripuen eta gaixotasunen atzean lan baldintzak daude”.

 

Eguazten iluntzean ere lan istripua salatzeko elkarretaratzea burutu zuten. Traña-Matienako jubilatuen etxearen parean elkartu ziren, Abadiñoko Ezker Abertzaleak deitu zuen kontzentrazioan. “Istripu larri hori salatu eta hildako langileraren senide eta hurbilekoei elkartasun eta babes osoa adierazteko”.

 

Udalaren adierazpena

Abadiñoko Udalak oharra zabaldu du, "Talleres Unamunzaga enpresan gertaturiko heriotza gaitzetsi", eta hildako langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna adierazteko. "Baldintza hauetan gertatzen den azken heriotza izatea" espero duela ere jaso du Abadiñoko Udalak ohar horretan. Bestetik, "instituzio publiko zein pribatu guztiei deia" luzatu die Abadiñoko Udalak, "lan istripuen prebentzioan eta segurtasun baldintzetan behar besteko pausu eraginkorrak eman eta hau errepika ez dadin". Martitzeneko istripua gaitzesteko antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia ere luzatu die, udalak, herritarrei.

 

Hogei urte beharrean

Estanpazio eta trokelgintza lanak egiten dituzte hogei langile dituen Abadiñoko Talleres Unamunzaga enpresan. Lan istripuan hil den gizonezkoa Arriandikoa (Iurreta) zen, gaur egun, Eibarren bizi zen arren. Hogei urtetik gora ziharduen bertan lanean, lankideek esan dutenez

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!