Traña-Matienako garbiketa zerbitzua azpikontratatzea erabaki du Udalak

Anboto 2010ko abu. 27a, 10:02

Neurri honegaz, garbitasun zerbitzua bost egunetik seira eta industriaguneetara zabaltzea da udalaren asmoa.

Abadiñoko Udalak Traña-Matienako garbiketa zerbitzua urte amaieran subkontratatzea erabaki du. Lanaren ardura lehiaketa bidez jasotzen duen enpresak 418.900 euro jasoko ditu. Matienan gaur egun garbiketan dihaduten hiru langileak baldintza beretan subrogatuko dituzte. Erabakia hartzeko udalbatzarrean, Independienteek eta EAJk alde bozkatu zuten.

Axier Garate jeltzaleak azaldu duenez, aurreko legegintzaldian neurri hau herri osoan hartzea proposatu zuten: "Garbiketa zerbitzua Traña-Matienan bakarrik subkontratatzean alkateak borondate politiko falta izan du". Igor Arkarazo zinegotziaren berbatan, "langileen eskubideen aurkako erabakia da". Berdintasun soziala alde batera utzi dutela salatu du Ezker Abertzaleak: "Orain enpresak jarriko ditu langileak kontratatzeko irizpideak. Independienteek herri politika beharrean auzo politika egiten dihardute". EAJren jarrera ere kritikatu dute: "Auzo politika horren kontra daudela diote, baina aldeko botoa eman dute".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!