"Edozein gai, oso potentea bada ere, umoretik eginez beste modu batera heltzen da publikoarengana"

Aritz Maldonado 2024ko mai. 10a, 13:30

Javier Barandiaran, Edurne Azkarate eta Maite Aizpurua. Argazkia: Mendi Urruzuno

'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzezlanaren azken emanaldietako lehenengoa Zornotza aretoan izango da gaur. 

Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana ikusteko azken aukeretariko bat egongo da gaur, Zornotza Aretoan. Ia urte bian oholtzetan izan eta gero, udaberrian emanaldi bi egingo dituzte, horietariko bat Zornotzan. Familia da Metrokoadroka konpainiaren azken lanaren ardatza. Ohikoa duten moduan, umoretik jo dute gai sakonak publikoarengana helarazteko. "Arduratzen gaituen gai baten inguruan barre egin ahal izateak jendea lasaitu egiten du, pisu bat kentzen digu gainetik. Denok ditugu familiak, modu batekoak edo bestekoak, eta gatazkaren bat ere bai; hortaz, oso ezagunak egin ahal zaizkigu antzezlaneko hainbat une, eta geure buruaz barre egin ahal izateak magia hori sortzen du publikoagaz", azaldu du Oier Guillan zuzendariak. "Metrokoadrokan beti pentsatu dugu edozein gai, oso potentea bada ere, umoretik jorratuz errealitatearen beste begirada bat eskaintzen duela. Umoreak humanizatu egiten ditu gaiak eta beste modu batera heltzen dira publikoarengana, hurbilekoak egiten zaizkio", gehitu du. Hala, pozik daude antzezlanak izandako harreragaz. "Interes handia piztu duela igarri dugu eta jendea aretotik irribarre bategaz irteten ikusi dugu. Ikusleek esan digute oso ondo pasatu dutela antzezlanean, baina gaiak zer pentsatua ere eman diela etxerakoan, eta hori oso pozgarria da guretzat".

Metrokoadrokako kideek telebistako sitcom-a eta antzerkiko komedia kostunbristako elementuak elkartu dituzte lan honetarako. "Gure egiteko modua ez da istorio bat modu klasikoan kontatzea, argumentu itxi bategaz. Guk eskaintzen dugun teatro motak asko du poesia bisualetik, edo absurdotik; beste kode batzuk sartzen ditugu. Kasu honetan, arrotza zaigun baina aldi berean guztiz presente dauden barre eta txalo grabatuen mundu horretara eraman gura genuen. Uste dut horrek erraztu egin duela modu ulergarri eta gertukoan komedia eta esperimentazioa uztartzea, eta zerbait magikoa irten dela", nabarmendu du Guillanek. Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran dira protagonistak. Zuzendariak aktoreen lana nabarmendu du: "Eurekin elkarlanean egin dugu gidoia, eta hori ez da ohikoena izaten". Guillanegaz batera, Marina Suarez Ortiz de Zarate arduratu da obra zuzentzeaz. 

Prozesuan gozatzen
Guillanen berbetan, Metrokoadrokaren sortze prozesuak ez dituzte estu lotzen testuetara; oraingoan, baina, urrunago joan dira: "Tituluak bikain islatzen du izan dugun grina. Lan handia egin dugu, nora helduko ginen jakin barik, bidean gauza asko topatzen, familiari buruzko antzezlan bat zela konturatu arte". Zornotza Aretoko emanaldiaz gainera, zapaturako jai berezi bat antolatu dute Hendaian, udaberriko bira ixteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!