575 kilotik gora hondakin erretiratu dituzte Ibaizabal errekatik, Zornotzan

Anboto 2021ko ira. 3a, 14:50

Zornotzako Udalak hainbat garbiketa lan egin ditu Ibaizabalean eta haren ibaiadarretan. 

45 zabor poltsa bete dituzte hondakinekin. Horrez gainera, supermerkatuko gurditxo bi, 3 palet, parkeko eserleku bat, esekitoki bat, arropaz betetako maleta bat, botak, oinetakoak eta pertsiana bat erretiratu dituzte. Ibaizabal errekaren zati hauetan egin dituzte garbiketa-lanak: San Martin urmaelean, Bekoerrekan (Arreibiko eta txakurguneko eremuetan), Tantorta errekaren eremuan, eta Garitondori dagokion zatian, Ojenbarrena aldean, bokaleraino. 

Lantegi Batuak Fundazioko lau behargin aritu dira lan horietan. Dena dela, Zornotzako Udalak aurreratu du aurrera begira beste jardunaldi bat antolatuko duela erreka garbiketa herriko ikastetxeetako ikasleekin eta boluntarioekin egiteko. Bestalde, zornotzarrei gogorarazi die ibaietan eta ibaiertzetan hondakinik ez pilatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!