Muniozguren: “Nahiago dut futbola orain maila onean nagoela utzi, eta ez ezinean nabilenean”

Joseba Derteano 2017ko mai. 11a, 10:50

Amorebieta futbol taldeak Bigarren B Mailan mantentzea lortu du. Logroñes 1-0 menderatuta, denboraldi osoko sufrimenduak amaiera ona izan du jokalari eta zaleentzat. Esaterako, taldean bost urte eman dituen Mikel Muniozguren jokalariak (1983, Deba) beste lasaitasun bategaz eskegiko ditu botak hurrengo asteburuan. 15 urteko ibilbidearen ostean, futbola utziko du.

Amorebietaren denboraldia bitan banatu daiteke. Panorama beltzagaz heldu zen azken hamar jardunaldietara. Azken txanpa, ordea, bikaina izan da: zortzi garaipen eta porrot bakarra. Jokamoldea egokitu izana da joera aldaketa horren arrazoietako bat. “Hasieran baloia jokatuz ateratzea zen helburua. Horrek bere arriskua du eta atetik gertu egindako akatsak garesti ordaindu ditugu. Otsail inguruan estiloa apur bat moldatu eta zuzenago edo errazago jokatzen hasi ginen, akats gutxiago egiten genituen, eta harrezkero gauzak hobeto joan dira”.

Amorebietan aurtengoa baino urte hobeak bizi izan ditu Muniozgurenek. Bigarren A Mailarako play offa jokatu zuenean, bere ibilbideko golik ikusgarriena sartu zuen, zaleek oraindino ondo gogoratuko dutena: atezainak luze jotako baloia beste area ertzean erortzera zihoan, eta Muniozgurenek botea egin orduko jo zuen baloia, atezainari buru gainetik pasatuz. Baloiak atetik aterako bidea egin zuen, lurrik ukitu gabe.

Debako jokalariak 33 urte ditu, eta futbola uzteko une aproposa dela uste du. “Familia, lana, futbola… dena pilatzen da. Denera eta ezertara ere ez, horrela zaude batzuetan. Gainera, nahiago dut futbola oraindik ondo nabilela utzi, eta ez ezinean nabilenean”.

Muniozgurenek aspaldiko lotura du Durangaldeagaz. Amorebietaren aurretik Durangoko Kulturalean ibili zen, denboraldi bitan. “Durangon urte bi oso onak eman nituen hegalean jokatuta. Lehenengoan zazpi gol egin nituen. Bigarrenean play offetara sailkatu ginen, eta nire ibilbidean golik gehien sartu dudan denboraldia izan zen, 14 golekin”, adierazi du jokalariak.

Aurten ere igoera fasera sailkatzeko zorian dago Durangoko taldea. Azken jardunaldiaren faltan laugarren tokian dago. Zapatuan, 18:00etan, jokoan ezer ez duen Soduperen zelaian jokatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!