Elkarteko kideek azaldu dutenez, euskal gudarosteak Bizkargi behin eta berriro galdu eta berreskuratu zuen 1937ko maiatzean. “Gure datuen arabera, ehun hildakotik gora izan ziren han”, dio elkarteak. Frankismo garaian Bizkargi “askatasunaren ikur” bilakatu zela gogoratu dute elkarteko kideek. Debekatuta zegoen arren, bertan jartzen zuten ikurrina. Gaur egun, “oroimena, justizia eta egia” aldarrikatu gura dute Bizkargiko tontorrean antolatzen dituzten ekitaldien bidez.
Egitarau zabala
Maiatzaren 7an, 11:00etan abiatuko da egitaraua Bizkargiko tontorrean. Musika animazioaren ondoren, 12:00etan, memoriaren ekitaldia antolatuko dute. Adarra, txalaparta eta txistua joko dute ekitaldian. Memoriaren berbaldia etorriko da gero. Etxanoko Nagusiek txuzoa sartuko dute, ohiturari eutsiz. Bertsolariekin eta Enetaran bikotearen kantaldiagaz amaituko dute ekitaldia. Ondoren, 13:15ean, Koldo Etxebarria aita-seme trikitilariek erromeria-giroa emango diote eguerdiari. Zornotzako Zelaieta parkeak hartuko ditu arratsaldeko ekitaldiak. 18:00etan, 1937 maiatza oroituz ekitaldia izango da. Ondoren, Oxabi taldea arituko da Gure Esku Dagok bultzatutako galdeketagaz bat eginez.