Ikasturte honetan Zugan Ni ekimenaren barruan lantzen ibili diren antzerki obrak erakutsiko dituzte eskualdeko hainbat antzerkilari gaztek, 19:00etan hasiko den saio horretan. Maiatzaren 14an izango dute bigarren hitzordua: Zornotza Aretoan eskainiko dute bigarren emanaldi hori.
Zugan Ni ekimenaren saioetan, gazteei arduratzen eta interesatzen zaizkien gaien inguruan sorturiko antzerki lanak izango dira ikusgai, bihar, Durangon, eta maiatzaren 14an, Zornotzan. Ikasturtean zehar landutako antzezlanak ez ezik, aurreko urteetako irudiekin osaturiko bideoklipa ere emango dute jaialdi bietan.
Durango, Zornotza, Iurreta eta Igorreko 89 gaztek parte hartu dute aurten Zugan Ni ekimenean. Zornotzan, Igorren eta Durangon bina talde sortu dituzte, eta beste bat Iurretan.
Ekimenaren hamargarren edizioa izan da aurtengoa, eta Markeliñe taldeko arduradunak pozik daude egindako bideagaz. Besteak beste, “hasierako urteetan ikasle gisa parte hartu zutenetariko batzuk hezitzaile lanetan ibili direlako aurten”, azaldu dutenez.