Jai solidarioagaz beharrizana dutenei lagunduko diete

Joseba Derteano 2017ko api. 28a, 10:50

Barikuan hasi eta domekara bitartean, jaialdi solidarioa izango dute Zornotzan. Askotariko ekintzak prestatu dituzte Luxury tabernaren ekimenez  eta hainbat elkarteren laguntzagaz. Elikagai iraunkorrak batzea da helburua. Ondoren, batutako janaria Durangaldeko Gurutze Gorriari emango diote, beharrizana duten herritarren artean banatu dezan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herriko Eroski supermerkatu bietan zein Luxury tabernan gune bi jarri dituzte, eta  gura duenak hantxe utzi dezake janaria. Jai gunean bertan ere batuko dute.

Hiru egunean adin guztiei begirako ekintzak prestatu dituzte. Gaur, 18:00etan, jaiei hasiera emango dien pregoia irakurriko dute. Ondoren, kalejiran abiatuko dira buruhandiekin jai-giroa herri osora zabalduz. 19:00etan Txispi-txaspa Jolas-Kanta deitzen den umeentzako ikuskizuna hasiko da. Diversions taldearen kontzertuak emango dio amaiera lehenengo egunari 20:30ean hasiko den musika kontzertuan.

Zapatu goiza gaztetxoei begirakoa izango da. Lehenengo, 11:30ean, herri lasterketa batean parte hartzeko aukera izango dute, eta ostean askotariko herri kiroletan arituko dira. Arratsaldean, 17:00etan, Gurutze Gorriak erakustaldi bat eskainiko du, eta ostean arte martzialen erakustaldi bat hasiko da. Umeentzako puzgarri eta tailerrik ere ez da faltako arratsalde osoan. Eguna musikagaz agurtuko dute. Dirty Road Band taldearen kontzertua 20:00etan hasiko da. Domekan, jai solidarioaren azken egunean, merkatu txikia izango da ekintza nagusia. 10:00etatik 15:00 bitartean herriko denden postuek askotariko produktuekin hartuko dute plaza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!