Zornotzako Udaberri Klasikoak hamalau talde batuko ditu, bihar

Joseba Derteano 2017ko api. 8a, 13:00

Zornotzan Udaberri Klasikoaren 63. aldia lehiatuko dute, domekan. Parte hartuko duten 14 taldeetatik Movistar Team da indartsuena. Talde horretatik iaz klasikoa bigarren tokian amaitu zuen Gorka Izagirre eta Marc Soler etorriko dira, besteak beste.

UCI World Tourreko talde horregaz batera, kontinental-profesional mailako bi (Caja Rural eta Kolonbiako Manzana Postobon Team) eta kontinental mailako beste 11 arituko dira. Nazioarteko taldeei dagokienez, Japoniako, Kuwaiteko eta Boliviako talde banak parte hartuko dute, besteak beste.

Ibilbidea aurreko bi urteetako bera izango da. 2014an Autzaganetik igarotzeari utzi zioten, hango obrengatik, eta oraindik obrak amaitu ez dituztenez, ibilbide alternatiboagaz jarraituko dute. 171 kilometrotan Muniketa hiru bider igoko dute; behin Iurretatik eta birritan Ibarruritik. Lasterketa 09:25ean hasiko da, Nafarroa kalean, eta amaiera 13:35 ingururako aurreikusi dute.

Lasterketa bi Durangon
Bestalde, Duranguesa txirrindularitza elkarteak antolatuta, Aitor Bugalloren oroimenezko lasterketa bi jokatuko dira apirilaren 13an. Biak Ezkurditik abiatuko dira. 10:00etan juniorrena hasiko da. 15:15ean Euskaldun Torneoko elite eta 23 urtez azpikoen txanda izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!