Zornotzan Ganeko igerilekuak berriztatzeko lanak martxan dira

Anboto 2017ko api. 6a, 15:30

Uda aurretik aldegeletan hobekuntzak egingo dituzte eta uda ostean handiagoa den berri bat eraikiko dute.

Ganeko igerilekuak berriztatzeko lehenengo fasea martxan dago otsailaz geroztik.  Orain berdeguneak handitzen ari dira eta igerilekuetan ere hobekuntzak egiten ari dira.  Uda aurretik aldageletan ere hobekuntzak egitea aurreikusita dago. Uda ostean, berriz, hauek guztiz berriztatuko dira gaur igerilekura egindako bisitan udal ordezkariek azaldu dutenez.

Dagoeneko hainbat lan burutu dituzte. Batetik, 400 metro karratu baino gehiago dituen berdegune bat dago areto-futboleko hormigoizko zelaiaren eta saskibaloikoaren ondoan. Instalazioen hainbat punturi ikuspena kentzen zioten barruko palaxuen zati handi bat kendu dute, irisgarritasuna hobetu eta erabiltzaileen zirkulazioa erraztateko.

Bestalde, igerilekuen gunean ere hobekuntzak egin dira. Esaterako, dutxen zoladura handitu eta drainatzea hobetu da, dutxetako ura zoladurara jausi eta horrela zuzenean hustubidera joan dadin. Azpimarratu dutenez igerilekuetarako sarbide bat kendu dute. Horrenbestez, erabiltzaile guztiak dutxak automatikoki martxan jartzeko mekanismoak dituzten sarrera bitik pasatu beharko dira.

Aldegeletan, udara bitartean, azuleju-estaldura konponduko dute eta sabaiak eta zoladura margotuko dira, besteak beste.

 

Aldagela berriak

Aldagela berriak egiten uda ostean hasiko dira. 571. 000 euroko aurrekontu batekin eta sei hilabeteko egikaritze epe batekin, eraikina bota eta handiagoa den berri bat eraikiko dute. Eraikin berria diseinatzerakoan kontuan izango da dagoen arrapala eta baita inguruan txertatu beharra ere. Estalkian belar artifiziala jarriko da, bertan egon ahal izateko, txikiagoa den eraikinean izan ezik.

Beheko solairuan elkarren ondoan hiru eraikin egongo dira. Eraikin nagusi biak aldagela eta dutxenak izango dira, sexuen arabera bereizita egongo direlarik.  Partzelako sarbidetik hurbilen dagoenak biltegi eta botikin lanak egingo ditu. Azalera osoa 452 m2-koa izango da. Oraingoa aldiz, 200m2-koa da.

Eraikina maldan egongo da, neurri handi batean egungo eraikina dagoen lekuan.  Egitura nagusia hormigoi armatuzkoa izango da.  Fatxada nagusian, iparraldekoan, eraikinerako sarbideak jarriko dira.

Instalazio berriek ezpalekin funtzionatzen duen biomasa galdara izango dute eta eguzki argiaren kontrolatzaileak, beste batzuen artean, argi nahiko egonez gero deskonektatzeko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!