Zornotza STk lau final ditu aurretik, play offetara sailkatzen saiatzeko

Joseba Derteano 2017ko mar. 31a, 10:00

Liga txapelketa bateko benetako kontuak azken jardunaldietan erabakitzen direla esan ohi da, eta une erabakior horretara sasoi onean heldu da Zornotza Saskibaloi Taldea.

Mikel Garitaonandiaren gizonek behetik gorako bidea egin dute aurten, eta igoerako play offetara sailkatzeko aukerekin heldu dira azken txanpara. Orain, denboraldiko une batzuetan urrun  eta gaitz zirudien helburua lortzeko, lau final geratzen zaizkie aurretik.

Otsail hasieran Cambados talde galiziarren kontra etxean jasandako porrota inflexio-puntutzat hartu daiteke. Ligako talderik indartsuenetako baten kontrako porrota izanagatik, mingarria izan zen: 62-99. Orduan, gora baino, behera begira jartzeko arrazoi gehiago zeuden. Baina harrezkero jokatu dituzten zazpi partiduetatik bost irabazi dituzte. Denboraldian zehar taldea indartu duten jokalari berriek ere badute zerikusia taldearen gorakadan. Horrela, une honetan seigarren tokian daude Aceitunas Fragata Moron (Sevilla), Comercial Ulsa (Valladolid) eta Kia Automovil (Nafarroa) taldeekin hamalauna garaipenekin berdinduta.

Igoera fasera sailkatzen saiatzeko lau finaletako lehenengoa Granadan jokatuko dute, Coviran taldearen kontra, zapatu arratsaldean. Talde andaluziarra laugarren postuan dago eta  azkenengo partidu biak galdu egin ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!