Zornotzako Udalak Ixerbekoa kiroldegia konpontzeko lanak apirilaren erdi aldean hasteko asmoa du. 41.500 euroko aurrekontuagaz lanak egiteko epea hiru astekoa izango da. Euria egiten duenean ura sartzen denez, estalkia konponduko dute. Egungo egitura metalikoko kalteak "azalekoak" direla eta ez diotela txaparen "zurruntasun eta gogortasunari" eragiten azaldu du udalak. Ondorioz, lehengo txaparen gainean berria jarriko dute eta bien artean estalkia isolatuko duen zuntz manta bat zabalduko da.
Era berean, eraikinaren erretenak garbituko dituzte. Ondoren, beira-zuntz manta bat zabalduko dute eta honen gainean erreten berriak jarriko dira.
Ixerbekoako estalkia konponduta, azpiegituretako erabiltzaileen segurtasuna bermatu gura dute kirol jarduerek bertan jarraitzen duten bitartean. Izan ere, Betarraganen Urgozo kiroldegi berria egiteko asmoa du udalak. Eraikin berriak 2.000 metro karratu izango ditu. Urgozo kiroldegiaren proiektua idazteko laguntza teknikoa kontratatzeko prozedurari hilabete honetan bertan ekingo zaio.