Estebez: “Uztargi.Klik argazkizale elkartean nabil; elkarteko kideengandik ikasi dut gehien”

Itsaso Esteban 2017ko mar. 6a, 10:45
Fermin Areitioren omenezko I. argazki lehiaketan herriko saria jaso du Sara Estebez zornotzarrak.

Erizaina eta argazkizalea da Sara Estebez (1993, Zornotza). Bere mutil-lagunaren erretratu bategaz herriko saria jaso du Zornotzako Fermin Areitio lehiaketan. Sariketa horretara aurkezturiko 2.074 argazkietatik 30 Zelaieta zentroan izango dira ikusgai, martxoan.

Zelakoa da saritu dizuten argazkia? Non egindakoa?
Gura barik bezala atera zen. Argazkia ikusi arte ez nintzen konturatu kristaleko islagaz, adibidez. Eta badirudi epaimahaiak, hain justu ere prestatuta ez egotea baloratu duela. Interrailean egin nuen bidaia batean mutil-lagunari egin nion erretratu bat da saritu dutena, Norvegian hartutakoa. 

Lehenengo aldiz aurkeztu zara lehiaketa batera?  
Zornotzan saritu didaten argazki honegaz eta beste bategaz Zaldibarko lehiaketara aurkeztu nintzen, azaroan, baina han ez nuen saririk eskuratu.

Jende askok hartu du parte Zornotzako deialdian.
Bai, Estatuko lurralde guztietako argazkilariek bidali dituzte beraien lanak. Bi milatik gora argazkilarik hartu dute parte.

Ikusi dituzu beste argazkiak? Badago bereziki gustuko duzunen bat irabazleen artean?
Ikusi ditut, noski, eta asko daude oso onak. Oso deigarriak egiten zaizkit, adibidez, atzerriko lurraldeetan egindako argazkiak. Badago bat ume bati ile-apaindegi batean egindakoa, oso gustuko dudana.

Noiz eta zelan zaletu zara argazkilaritzara?
Duela bi urte erosi nuen reflex kamera, eta hasi nintzen argazkigintzan interesa jartzen; interneten tutorialak ikusten, liburuak irakurtzen... Duela urtebetetik Zornotzako Uztargi.Klik argazkizale elkartean nabil, eta elkarteko kideengandik ikasi dut gehien. Hogeita hamar kidetik bi gara emakumeak, eta gazteena naiz ni. Argazkigintzan urte asko daramaten kideek teknika aldetik asko lagundu didate: tailerrak egiten ditugu... Egunero ibiltzen naiz orain kameragaz.

Kontzertuetan ere aritzen zara argazkiak egiten. Kontuan hartu beharreko elementu asko izaten ditu argazkilariak kontzertuetan...
Mutil-lagunak Mockers musika taldean jotzen du, eta euren kontzertuetan argazkiak egiten hasi nintzen. Orain, joaten garen kontzertu guztietara eramaten dut kamera. Ez da erraza kontzertuetan argazkiak egitea, askotan ez da oso argi aproposa egoten... Edozelan ere, kamera berria erosi dut, eta asko nabari da hori ere argazkien fokuratzean eta araztasunean.

Etorkizunean argazkigintzak zure bizitzan zer leku izatea gustatuko litzaizuke?  
Bestelako ogibidea izan arren, gustatuko litzaidake argazkigintzak gaur egun duena baino espazio gehitxoago izatea; hemendik urte batzuetara ezkontzetan argazkilari gisa jardun ahal izatea, edo musika taldeek eskatuta beraiei argazkiak egitea, adibidez.

Herriko saria irabazi du Estebezen argazki honek.

Pilar Garcia Pitarchen argazkiari eman diote lehenengo saria.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!