Galerei aurre egiteko gaitasunari buruzko ‘Euria’ antzezlana estreinatuko du Markeliñek

Itsaso Esteban 2016ko aza. 25a, 12:30

Ume zein helduentzat sortutako Euria antzezlan berria estreinatzeko, bi emanaldi eskainiko ditu Markeliñe talde zornotzarrak, gaur eta bihar, herriko antzokian —gaur 21:00etan, eta bihar 20:00etan. Iñaki Egiluz taldekideak aurreratu duenez, martxora arte EAEko 20 herritan eskainiko dute Euria, tartean, Durangaldeko hainbat aretotan ere bai.

Bo pertsonaia da antzezlaneko protagonista, M bikotekidea galdu duelako tristura kronikoan bizi dena. Iñaki Egiluz zornotzarraren berbetan, “galera baten aurrean bizitzen jarraitzeko gaitasunari buruzkoa” da Euria. “Bizitzan zehar denok galtzen ditugu pertsonak, proiektuak edo espektatibak, eta horrek gugan daukan eraginaz eta horri aurre egiteko dugun gaitasunaz jardun gura nuen”, dio Egiluzek.

“Umeentzako antzerkiak ez du beti gauza alai eta polita izan behar”, Egiluzen ustez. “Horregatik, forma ezezik edukia ere eskaini gura dugu, antzerkiak zeozertarako balio dezan”, gaineratu du. Ikuskizunak antzerkira doan umea eta antzokian aldamenean daukan heldua heriotzaz, doluaz, edota tristuraz berba egitera bultzatzea gurako lukete Markeliñekoek. Antzezlanaren erritmo bisual eta soinudunari esker txikiagoek ere gozatuko duten arren, zortzi urtetik aurrerakoentzat da Euria bereziki gomendagarria, egileen ustez.

Sorkuntza prozesuan, tristurari buruz pentsatzen jarri, eta eszena “oso poetiko eta metaforikoak” imajinatzen hasi zela kontatu du Egiluzek. Antzezlanari izena ematen dion euria, malkoak, edota aterkiak dira elementu metaforiko horietako batzuk. Eta, Egiluzek dioenez, dantzarien mugimenduek metafora horiei are indar gehiago ematen diete. Markeliñeren obra gehienak bezala, berbarik bako antzezlana da Euria, keinuen bidezkoa. Fernando Barado aktoreagaz batera, Natalia Garcia eta Ioar Fernandez dantzariek dihardute obra honetan. Dantza adierazpenak leku berezia dauka obra berri honetan.

30 urteko ibilbidea
Hiru lagunek sortu zuten, duela hiru hamarkada, Markeliñe antzerki taldea, Zornotzan. Gaur egun Durangaldean ibilbiderik luzeenetarikoa daukan antzerki taldeetako bat da. Asteburuan Euria-gaz egingo duten bezala, azken urteotan, urtero edo urte t’erdiro, antzezlan berri bat aurkezten dute. Iñaki Egiluzek azaldu duenez, “emanaldien %60 Euskal Herritik kanpo, Estatuan zein atzerrian” egiten dituzten arren, Zornotza Aretoan, etxean, hasten dute bidea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!