Udalak erosi duen Enrike Renteriaren koadroa eta bere izena daraman lehiaketa aurkeztu dituzte

Anboto 2016ko uzt. 5a, 13:42

Andoni Agirrebeitia alkateak, Joseba Fernandez Zornoza Arte eta Kultura elkarteko kideak eta Bego Renteria margolariaren alabak aurkeztu dute, gaur, uztailaren 10ean Zornotzan egingo duten Enrike Renteria pintura lehiaketaren XIX. edizioa. Agerraldi horretan erakutsi dute, bestalde, udalak erosi berri duen Renteriaren koadroa ere.

Margolariaren izena daraman aire zabaleko pintura lehiaketaren aurkezpena aprobetxatu dute, gaur, udalak 5.000 euroan erosi duen Enrike Renteriaren (Zornotza, 1900-1982) koadroa aurkezteko. Zornotzako Andra Mari elizaren irudia agertzen da 1968ko data daukan koadro horretan. Agirrebeitia alkateak azpimarratu du, "herriaren ondarea berreskuratzea" izan dela udalaren erosketa horren arrazoia, eta kokapen zehatza oraindik erabaki ez duten arren, "udaletxeko erreferentziazko lekuren batean" zintzilikatuko dutela.  

Domekan, kaleko pintura lehiaketa

Margolariz beteko da Zornotza, domekan, Enrike Renteria pintura lehiaketaren XIX. edizioan. Joseba Fernandez lehiaketaren antolatzaileak aurreratu duenez, aurten 40 margolari inguruk parte hartzea espero dute. Iaz bezala, hamar sari banatuko dituzte guztira: margolari helduen artean zazpi, eta 14 urtetik beherakoen artean, beste hiru. Domeka goizean jardungo dira artistak aukeratzen dituzten Zornotzako txokoak euren koadroetan margotzen, eta 18:00etan, Zelaieta zentroko auditorioan burutuko dute sari banaketa ekitaldia.

Balkoietan 'Zintzilik'

Enrike Renteria kaleko pintura lehiaketa horregaz bat eginda, Zintzilik margo lehiaketaren sariak ere, uztailaren 10ean, 18:00etan emango dituzte. Margo lehiaketa horretan parte hartzeko beraien lanak aurkeztu dituzten artistek aurkeztutako koadroekin jantziko dituzte herriko balkoiak, domekako eguna koloreztatzeko.

Hiru sari orokor emango dituzte Zintzilik lehiaketan, eta herriko partaiderik onena ere sarituko dute. Uztail osoan zehar herriko hainbat balkoitan izango dira lehiaketara aurkeztutako margolanak ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!