Giro onean hasi dute Jan Alai pintxo lehiaketa Zornotzan

Anboto 2016ko mai. 27a, 13:30
Aurten lehiaketan parte hartzen duen pintxoetako bat.

Eguaztenetik martxan da Jan Alai pintxo lehiaketa. Lehen egunean, arratsaldeak aurrera egin ahala, giroa berotzen joan zen, eta iluntzean jende dezente ibili zen tabernarik taberna aurtengo artelan txikiak dastatzen.

Lehiaketako lehenengo egun biek eguraldia lagun izan dute, eta gaur ere giro atsegina egingo du. Asteburua, ordea, ez dator hain lagunkoi, eta, badaezpada, euritakoagaz osatu beharreko moduko pintxo-tourra izango da. Guztira, sei gunetan banatutako 44 taberna edo jatetxek osatzen dute ibilbide osoa. Gune bakoitzetik hiru pintxo probatu behar dira, gutxienez (1.3 euro da pintxo bakoitza). Batzuk herrigunetik gertu daude, beste hainbat inguruetan, Boroa jatetxea, esaterako. Baina jendeari ez dio mugitzeak ardura saria tentagarria bada. Horixe gertatzen da, besteak beste, Boroagaz, 2014ko lehiaketa irabazi zuen jatetxeagaz. Iazko irabazleak Urtza taberna eta Harrison Hotela dira. Lehenengoak epaimahaikoen saria irabazi zuen, eta bigarrena herritarren gustukoena izan zen.

Sari banaketa domekan
Gaur eta bihar, goiz eta arratsaldez (12:00-15:30 eta 19:00-22:00) dago pintxoak dastatzeko aukera; domekan, berriz, 15:00 arte. Sari banaketa ekitaldia domekan egingo dute, 20:00etan, Zelaieta Zentroan. Epaimahairen zein herritarren pintxorik gustukoenek 1.000na euro jasoko dute. Pintxoak dastatuz eta bere faboritoak hautatuz parte hartzen duten guztien artean 500 euroko saria zozkatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!