Ziztada Gune Askeak lehen urteurrena ospatuko du

Anboto 2016ko mai. 27a, 13:02

Astelehenean urtebete egin zuen Ziztada Gune Askeak. 2015eko maiatzaren 23an hainbat herritarrek Luis Urrengoetxea kaleko lokal bat okupatu zuten, bertan eskaintza alternatiboa landu eta eskaintzeko. Zapatu honetan urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua osatu dute.

Goizean, 10:00etatik aurrera, tailer bi antolatu dituzte. Batean, autogestioa izango dute langaia; bestean, bideo-edizioaren munduan trebatzeko aukera eskainiko dute Aittu Durangaldeko proiektu komunikatiboko kideek. Tailerraz gainera, Aittu proiektuaren gaineko azalpenak ere emango dituzte goizean.

13:00etan Ziztada Gune Askea gune independente aldarrikatuko dute. Testu bat irakurri eta okupazioaren bandera eskegiko dute kanpoaldean. Ziztada Gunearen balioak (autogestioa, eskaintza alternatiboa…) aldarrikatzeko ekimen bat izango da.

Eguerdian, 14:30ean, bazkaritara batuko dira. Gura duten denek parte hartu dezakete. Maiatzaren 27a da izena emateko azken eguna, 652 714 477 telefonora deituta. Bazkari beganoa izango da.

Ospakizun eguna musikagaz agurtuko dute. 20:00etan, Steepers taldeak zuzeneko kontzertua eskainiko du lokalean. Besteak beste, hard rocka lantzen du Zornotzako talde honek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!