Kukai eta Tanttakaren 10 urteko elkarlanaren erakusle den ikuskizuna, plazan

Anboto 2016ko api. 26a, 10:00

Mireia Gabilondok zuzenduriko ekoizpena da Kukai eta Tanttaka dantza taldeek elkarlanean sortu, eta duela urtebete estreinatu zuten Hazipenen pozak dantza ikuskizuna. Apirilaren 29an, 20:00etan, Zornotzako plazan eskainiko dute.

Apirilaren 29an dantzaren nazioarteko eguna ospatzen dela gogoan hartuta programatu dute Kukai eta Tanttaka taldeen elkarlaren emaitza, Zornotzan. Joan zen udan, herriko jaietan, kalean, egitekoa zuten Hazipenen pozak ikuskizun honen emanaldia Zornotzan, baina euriaren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten saioa. Zornotza Aretoko arduradunek esan dutenez, datorren asteko hitzorduan eguraldiak emanaldia herriko plazan egitea eragozten badu, Zornotza Areto barrura igaroko dute hitzordua.

Kukai eta Tanttaka dantza taldeek azken hamarkada honetan elkarrekin egin duten lanaren erakusle da Hazipenen pozak ikuskizuna: hamar urte hauetan sortu dituzten koreografia esanguratsuenen zatiak batuz sortu dute ikuskizun hau, eta dantza taldearen entsegu batean, lokalean lanean, baleude bezala jardungo dira sei dantzari, emanaldian zehar. Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya, Nerea Vesga eta Urko Mitxelenak osaturikoa da ikuskizuneko dantzari zerrenda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!