Herritarren iritziak lagunduta osatu dute bigarren berdintasun plana

Anboto 2016ko ots. 12a, 13:48
Alicia Hernández Berdintasun arloko zinegotzia, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Begoña Nazabal Gizarte Ekintza alorreko arduraduna atzoko prentsaurrekoan.

Datozen lau urteei begira udalak osatu duen II. Berdintasun Plana aurkeztu dute. Azken udalbatzarrak aho batez onartu zuen. Plana osatu aurretik herritarren artean gaur egungo egoeraren eta hobetu beharreko alorren gaineko diagnostiko parte hartzailea egin dute, 312 inkestaren bidez: “Oso erantzun osa izan du prozesuak”, nabarmendu du Begoña Nazabal Gizarte Ekintza alorreko arduradunak.

Herritarren ekarpenak baliagarriak izan zaizkie hobetu beharreko atalak ikusteko. Esaterako, udalak erantzunkidetasunaren esparruan sakontzeko eskaerak jaso dira. Antolatzen dituzten ekintzak herritarrei jakinarazteko bideak zabaltzeko beharra ere ikusi dute; hedabide sozialen bidez, esaterako.

Plan berrian honako helburuak zehaztu dituzte, besteak beste, berdintasunaren bidean lan egiteko: Berdintasunerako plangintza areagotu eta hobetzea, prestakuntza-jardueretan generoaren ikuspegia sartzea, enplegu publikorako hautespen-prozesuetan berdintasunari buruzko edukiak eranstea eta berdintasunerako koordinazio-egiturak sortu eta sendotzea. Egiturak sendotzeko bidean, aurten Udaleko Berdintasun  Kontseilua herritar denei irekitzeko asmoa dute eta ez elkarteei bakarrik. Orain arte, urtean hiru-lau bider batzen zen kontseilua herriko elkarteei irekia zegoen. Baina ez zen gure zuten bezain eraginkorra eta azken batzarrera bost elkarte batu ziren. Horregatik, aurtendik aurrera kontseilu hori zornotzar denei irekitzea da asmoa.

Alicia Hernández Berdintasun arloko zinegotziak plan berriaren “garrantzia handia” azpimarratu eta “modu integralean eta uneak uneko eskakizunetara egokituz” lan egiten jarraitzeko egiteko konpromisoa hartu zuen. Hiru eragin gune nagusiak zerrendatu zituen: emakumeen ahalduntzean eta bisibilitatean sakontzea, erantzukidetasunaren arloa sustatzea eta emakumeen kontrako biolentziaren arloan prebentzioa lantzea eta eskaintzen den harreta zerbitzua hobetzeko lan egitea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!