Lara Izagirre: "Ez dut sinisten oraindik; Goya bat irabaztea oso zaila zen guretzat"

Anboto 2016ko ots. 8a, 10:42

Lara Izagirre zornotzarraren Un otoño sin Berlin pelikulak Goya sari bat irabazi du, Irene Escolarrek aktore berri onenaren saria lortuta. Izagirre "oso pozik" azaldu da, eta pelikulak osotasunean jasotakoa dela dio: "Pelikulak jaso zezakeen sari politena da, lan guztia biltzen duelako".

Izagirrek oraindik emozionatuta berba egiten du Escolarrek, zapatuan, Goya saria jaso zuen unea gogoratzean. "Negar eta negar, horrela egon nintzen saria jasotzerakoan. Gainera, galan, izkina baten geunden kokatuta, eta uste nuen ez gintuztela grabatuko". Escolarrek eskerrak eman zizkion mikrofonotik, eta euren batasun hori nabarmendu du zornotzarrak: "Pelikula hau biona dela esan izan dugu beti".

"Bizitzako papera eta pelikula"
Pelikulan pertsonai protagonista zen Juneren azalean sartuko zen aktorea hautatzeari garrantzia handia eman zion Izagirrek. "Aktorea Irene izan ez balitz, beste pelikula bat izango litzateke. Hain paper eder eta polita egin zuen...". Konbentzimenduz egindako lana izan zen, eta balioa eman zioten. Izagirrek dio Escolar oso langilea dela, aktore oso ona izateaz aparte: "Berak bazekien bere bizitzako papera zela, eta nire bizitzako pelikula ere bazen". Bientzako aukera bat izan da Un otoño sin Berlin, eta Goya sariari eskerrak, itzelezko jauzia eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!