Bata bestearengandik “jazarrita” sentitzen diren langile biren arteko epaiketa

Anboto 2016ko urt. 27a, 17:43
LABek gaur Durangoko epaitegi aurrean egindako kontzentrazioa.

Zornotzako Arrain Logic enpresako langile bik liskar bat izan zuten joan zen astean eta batak bestearen kontrako salaketa jarri zuten. Gaur izan da epaiketa.

Jokin Delgado (33 urte, Zornotza) LABeko delegatua da Arrain Logic enpresan 2014ko abenduaz geroztik. Sindikatuak salatu duenez, zuzendaritzak bere hurreko langileak darabiltza Delgadori jazarpena egiteko. Joan zen astean liskar bat izan zuen beste langile batekin: paparrean jo egin zuen eta salaketa jarri zion. Langile horrek, Ieray Solagurenek (23 urte, Zornotza) ere salatu zuen Delgado, hileetan bere aldetik jazarpena jasaten ari dela egotzita. Horrela, salaketa bien harira, Durangoko epaitegian deklaratu dute biek gaur eguerdian. Azkenean, epaiketa atzeratu egin da. Solagurenek enpresako barne kamerako irudiak eskatu ditu eta epaileak, berriz, bataren zein bestearen zaurien gaineko txosten sakonagoak. Epaiketa arina denez, baliteke jarraipena datorren astean bertan izatea.

Epaiketaren aurretik LABek kontzentrazioa egin du epaitegi aurrean ‘Jazarpen sindikalik ez’ lelopean Delgadori babesa erakusteko. 55 bat lagun batu dira kontzentrazioan eta enpresako arlo desberdinetako langileak batu direla azaldu du langile batek.

Delgadoren esanetan “hainbat mehatxu” jaso izan ditu langile baten baino gehiagoren partetik. Ez daki zuzendaritzak horrekin loturarik duen, baina langile horiekiko jarrera permisiboa ikusi du: “Mehatxua egin didatenak babestu egin dituztena garbi daukat. Duda barik. Beste batzutan ere izan dira liskarrak eta langileak kaleratu izan dituzte, birritan pentsatu barik. Baina kasu hauetan ez dute ezer egin eta gainera sindikatuari esan diote nire errua dela”.

Joan zen asteko azken liskarraren harira, azken aldian bizitakoaren beste kapitulu bat izan daitekela susmatzen du. “Ez dakit zer pentsatu”, dio: “Ez dut pentsatu nahi inork gidatutako zerbait zenik, baina zuzendariak nigaz duen jarrera ikusita, ez dakit zer pentsatu”. Solagurenek, enpresako jabearen lobak, gezurtatu egin du inork Delgado jazartzeko esan dionik: “Zertarako arituko naiz ni horretan? Nire asmoa enpresa honetan denbora baterako bakarrik egotea da. Bizimodua ateratzeko nago lanean, ez beste ezertarako. Eurentzako beti dago txibatoren bat. Bi gauza diferente nahasten ari direla uste dut”.

Delgadok hainbat langileren partetik jazarpena sentitzen duen moduan, Solaguren ere Delgadorengandik jazarrita sentitzen da. Horregatik jarri dio salaketa: “Nitaz txartoesaka dabil. Askotan ez zuzenean, baina nigatik bereak eta bi esaten ditu. Hileak daramatza horrela eta txarto pasatzen ari naiz”.

Joan zen asteko liskarraren aurretik ere probokazioak jasan zituela dio Solagurenek eta egoerak lehertuta jo zuela paparrean. Delgadok, aldiz, erabat gezurtatu du probokatu zuenik eta irainak entzun zituena bera izan zela dio.

Zuzendaritza: “Dena gezurra da”

Arrain Logic enpresako zuzendaritzak “gezurtatu” egin du bere hurreko langileak LABeko delegatua jazartzeko erabili izana: “Dena faltsua da”, adierazi dute. Euren esana indartzeko adibide bat jarri dute. Aurretik Delgadok beste langile batekin izandako liskar batean “delegatua barik, beste langilea enplegu eta soldatu barik zigortu genuen hilabetez, beraz atera kontuak”.

Delgadok jazoera beste modu batera gogoratzen du: “Langile bat beste bat iraintzen zebilen. Enpresako koordinadoreak ez zuen ezer egin eta ni delegatua naizen aldetik eztabaidan sartu nintzen eta bitartekari egitea erabaki nuen. Hurrengo egunean, zuzendariak esan zidan ni delegatu sindakala nintzela, ezin niola ezer esan langileari eta salatu egin ahal ninduela. Nik esan nion koordinadoreak ezer egiten ez zuenez ni sartu nintzela bitartekari. Edozelan ere, nik ez nuen liskar hura sortu, baizik dagoeneko sortuta zegoen batean sartu nintzen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!