Upelak bete-beteta daudela hasi dute Bizkaiko sagardo denboraldia

Anboto 2016ko urt. 19a, 15:17

Aitor Intxaurraga eta Aitzol Atutxa gaur Uxarten.

Aurten 180.000 litro ekoiztu dituzte, iaz baino 30.000 gehiago. Aitzol Atutxa izan da sagardoa dastatzen aurrenekoa Zornotzako Uxarte sagardotegian egindako txotxean. Aizkolari dimoztarra da Bizkaiko sagardoaren aurtengo enbaxadorea.

Bizkaian eta Bizkaiko sagarragaz ekoiztutako sagardoagaz bete-beteta daude upelak. Iazko negua aproposa izan da sagar-arbolentzat eta udaberriko eguraldiak loraldian lagundu du. Ondorioz, sagar asko batu dute eta iaz baino 30.000 litro gehiago ekoiztu ahal izan dira aurten: 180.000 litro, guztira. Aurtengoa gorputz ederreko sagardoa dela nabarmendu dute Bizkaiko sagardo denboraldia abiatzeko Zornotzako Uxarte sagardotegian gaur egindako ekitaldian. Alkohol graduazio altuagoa du eta fruta usain freskoak ditu. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidente Aitor Intxaurragaren  (1960, Zaldibar) esanetan “erraz eta gustura edatekoa da, suabea, goxo puntu bat duena”.

Bizkaiko sagardoak ez du nolanahiko enbaxadorea. Aitzol Atutxa Euskal Herriko aizkolari txapelketa irabazi duen aurreneko bizkaitarra da eta, gainera, birritan jantzi du txapel hori. Gaur egun aizkolaritzako erreferente nagusienetakoa da. “Ilusio handiz” hartu du enbaxadore lana eta aurtengo sagardoa “edateko erraza, aho zapore finekoa, fruta askokoa eta nahiko apar” duena iruditu zaio.

Euskal Herriko sagardoa AEBra zabaldu guran

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Lucia Isla Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Nekazaritzarako Zuzendariak parte hartu dute, besteak beste, gaurko ekitaldian. Oroz sailburuordeak adierazi duenez, Euskal Herriko sagardoa zabaltzeko plangintza berria lantzen dabiltza. Merkatua Ameriketako Estatu Batuetara zabaltzea da asmoa. Izan ere, azken hiru urteetan %85 igo da sagardoaren kontsumoa AEBn. Iaz mundu osoko 230 milioi litro kontsumitu zituzten. Gaur egun Euskal Herriak 400.000 litro  esportatzen ditu mundu osoan zehar eta miloi bat litrotara heltzea dute helburu.

Lucia Islaren esanetan Aldundiak 127.000 euro bideratzen ditu ekoizleei laguntzera eta sagardoaren inguruko ikerketetara. 

Sagardoa ezagutarazten

Bizkaiko Sagardogileen Elkartea 1994an sortu zuten eta gaur egun 9 artisau-upategik osatzen dute. Sagar ekoizleei elkarte batean batu eta norabide berean arraun egiteko baliabideak eskaintzea zuten helburu: “Bagenekien baserrietan-eta etxeko kontsumorako egiten zela sagardoa, baina elkarteagaz salto hori ematea lortu da, baserritar batzuk profesional izatea eta sagardoa barne kontsumoroko bakarrik izan beharrean kanpora begira komertzializatzea”, gogoratu du Intxaurragak. Eta “hasi ginetetik lortu dugu Bizkaian ere sagardoa bagoela zabaltzea, bertoko sagarragaz egindakoa gainera”. Gaur egun, “sagardoa bultzatzea eta ezagutara ematea” dute helburu.

Aurten Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak web orrialdeko domeinua aldatu da. Honakoa da berria: www.bizkaikosagardoa.eus

 

Gaurko ekitaldiko irudia Uxarte sagardotegian:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!