Azaroak 25

Antzerkian eta zinean emakume izateaz, Lara Izagirre eta Miren Larrea zornotzarrak

Anboto 2015ko aza. 23a, 13:24
Lara Izagirre eta Miren Larrea

Izagirre zinegileak eta Larrea aktoreak euren bizipenak kontatuko dituzte bihar, azaroak 24, 20:00etan, Zornotza Aretoan. Gaur Euskadi Irratiko Mezularia saioan izango dira, 18:30 bueltan, Tokikomeko bazkideok dugun tartean. ANBOTOko Jone Guenetxea izango da eurekin solasean.

Biak dabiltza kulturgintzan murgilduta; Lara Izagirrek zineman, eta Miren Larreak antzerkian, nahiko maskulinoak diren munduekin egin dute topo. Azaroaren 24an, emakume legez euren lana zelan bizi duten kontatuko dute bi gazte zornotzarrek. Kazetari batek dinamizatuta, entzuleek parte hartzeko moduko solasaldia izango da Azaroaren 25aren harira Zornotzan antolatuko den jarduera garrantzitsuenetako bat. 

Boterea, kulturgintza arloko erronkak, emakumeen ikusgarritasuna... hainbat gai ahotan hartuta jardungo dute Lara Izagirrek eta Miren Larreak. Izagirrek, hainbat lan egin ostean, aurten estreinatu du bere lehen film luzea, Un otoño sin Berlin, eta Donostiako Zinemaldian harrera beroa izan eta gero, berriki estreinatu da filma zinema-aretoetan. Larreak, bere aldetik, esperientzia handia du antzezle, titiritero eta sortzaile lez, eta Pintto pintto antzezlana da bere azken lana. Izagirrek eta Larreak Zornotza Aretoan eskainiko dute berbaldia,  martitzenean, 20:00etan.

Gazteenei begira
Berbaldiaren biharamunean,  azaroaren 25ean bertan, urteroko elkarretaratzea egingo dute, 13:00etan, Herriko  Plazan. Bertan, emakumeenganako indarkeriaren kontrako adierazpen instituzionala irakurriko dute. Arratsaldean, Gaztetxokoan izango dira jarduerak: hama materialarekin txapak egiteko tailerra egingo dute, eta Beldur Barik gunea ere egongo da bertan. Sentsibilizazio espazio bat izango da, kanpainaren triptikoekin, eta indarkeriaren kontrako informazio, kartel eta pegatinekin.

Datorren barikuan, azaroaren 27an, genero ikuspegia lantzen duen Amelie, ipuinen jostuna ipuin kontakizuna izango da, udal liburutegian. 4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako emanaldia izango da, eta 18:00etan hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!