Futbol igoerak 2015

Amorebieta B bigarren urtez jarraian igo da

Anboto 2015ko api. 27a, 17:33

Amorebieta B igoera ospatzen.

Denboraldi bitan Hirugarren Erregionaletik Lehen Erregionalerako saltoa eman dute Dani Hitak gidatutako mutilek.

Aurten futboleko bigarren erregionaletik lehenengora igo diren talde biak Zornotzakoak dira. Orain aste batzuk Zorrontzako igo zen. Asteburu honetan, liga amaitzeko jardunaldi biren faltan, Amorebieta Bk bide bera hartu du.

Baldintza bi bete behar ziren Amorebieta igo zedin: euren partidua irabaztea eta Solokoetxek berea galtzea. Emaitza biak eman ziren. Zapatuan Amorebietak 2-3 menderatu zuen Lekeitio B etxetik kanpora. Markagailuan birritan atzetik egon egon eta berdindu ostean, 93. minutuan sartu zuten garaipenaren gola. “Baloiak ez zuela sartu nahi ematen zuen”, gogoratu du Jaime Yurrebaso taldeko kapitainak: “Jokaldi berean hiru zutoin eta alderatze asko egon ziren. Azkenean baloia barrura joan zen zorionez”.

Euren partidua irabazita, hurrengo egunean, taldeko jokalariak Solokoetxe-Zorrontzako partidua ikusteko batu ziren. Zornotzako taldeak 2-3 irabazi eta bere herrikideen igoera ahalbidetu zuen.

Amorebietak talde indartsua izan du eta igotzeko faboritoen artean zegoen. Dani Hita entrenatzaileak honela baloratu du denboraldia: “Bagenekien talde ona genuela eta, beharbada, bagenuen obligazio apur bat gutxienez goialdean ibiltzeko. Ez genuena espero zen hain ondo aritzea. Jardunaldi bat kenduta gainerako denetan aurreneko hiru tokietan egon gara”.  Lorpen hori herriko jokalariekin lortu dute, Amorebieta B osatzen duten jokalari denak Zornotzakoak baitira.

Beraz, hurrengo denboraldian berriro Zorrontzako-Amorebieta B derbiak gozatu ahal izango dira, baina maila bat gorago, Lehenengo Erregionalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!