Futbol igoerak 2015

Zorrontzako Lehenengo Erregionalera igo da, eta Amorebieta B igoeraren atarian dago

Anboto 2015ko api. 16a, 10:20

Zorrontzako futbol taldeko jokalariak, Orduña menderatu ostean, igoera ospatzen.

Futboleko Bigarren Erregionalean Zornotzako talde biek agindu dute aurten. Denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Zorrontzako taldeak dagoeneko mailaz igo du. Igoerako beste txartela Amorebieta B-ren eskuetan dago gaur-gaurkoz, eta zazpi puntuko abantaila du Solokoetxe hirugarren sailkatuarekiko. Beraz, asteburu honetan bertan lortu dezake igoera.


Zorrontzakok, ostera, aurrenekoz jokatuko du Lehenengo Erregionalean. Bigarren Erregionalean egonkortzea lortu zuenetik, igotzeko hautagaien artean egon da urtero. Iaz urtea indartsu hasi zuen, baina hauspoa galdu zuen denboraldiak aurrera egin ahala. Aurten oso erregular ibili da, eta horrek eman dio igoera: “Denboraldi biribila irten zaigu”, adierazi du Oier Larrondo jokalariak.

Aste Santuaren aurretik Orduña 0-1 menderatuta lortu zuen taldeak igoera. Partidua amaitzear zela, 88. minutuan heldu zen gola, Mikel Ariz zentralaren jaurtiketa bati esker.

Zorrontzako talde fidagarria izan da etxean zein kanpoan. Denboraldi osoan hiru partidu bakarrik galdu ditu, eta mailako talderik golegileena izan da (70 gol). Horren erantzuleetako bat Unai Becerra da: hamazazpi gol sartu ditu.

Amorebieta B igotzear
“Polita litzateke Amorebieta B ere igotzea, eta datorren urtean maila bat gorago derbia errepikatzea”, dio Larrondok. Aukera handia dago hori gertatzeko. Zazpi puntuko abantaila ondo kudeatzean dago gakoa. Maiatzaren 3an, azkenaurreko jardunaldian, elkarren kontra jokatuko dute Amorebieta B-k eta Solokoetxek. Igoera jokoan badago, oso partidu berezia  izango da.

Zorrontzako taldea:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!