Angels Cucarella: "Ez zitzaidan xakea gustatzen, nire nebari irabazteko ikasi nuen jokatzen"

Anboto 2015ko ots. 28a, 10:00

Angels Cucarella valentziarra da izatez, baina Zornotzan bizi da, eta bertako xake elkartean lehiatzen du, mutilak nagusi diren kirolean. Xakean emakume gutxik jokatzearen errua gizarteak duela uste du, emakumezkoen xakea ez delako sustatzen.


Izatez valentziarra zara; nola iritsi zinen Zornotzara?
Iaz Deustuko unibertsitatera etorri nintzen master bat egitera, eta hortik,proiektu batzuetan jarraitzeko aukera sortu zitzaidan, Larrabetzun: xakea droga-mendekotasun zentroetan aplikatzeko aukera. Bertatik gertu leku bat bilatu nuen, eta Zornotza izan zen aukera egokiena.

Nola hasi zinen Zornotzako xake taldean?
Hasiera batean nik Bilboko Conteneo Haitzak taldean jokatzen nuen, hiru edo lau urte neramatzan bertan. Baina hona etorri nintzenean bizitzera, askoz erosoagoa zen etxetik bi kaletara jokatzea, astero Bilbora joatea baino.

Zer-nolako tratua ematen dizute taldekideek?
Egia esan, bikain tratatzen naute, eta taldeko beste kide bat naiz, zalantzarik gabe. Taldekideak ezagutu nituen, eta berehala eman zidaten taldean integratzeko aukera; taldeko giroa oso ona da, aldaketa oso erraza izan zen.

Noiztik jokatzen duzu xakean?
Berandu samar hasi nintzen. Normalean, jendea 6 edo 7 urtegaz hasten da, eta ni 14gaz hasi nintzen. Bitxia da. Izan ere, ez zitzaidan xakea gustatzen, baina nire nebari bai. Eta nik nire neba baino hobea izan nahi nuen. Horrelaxe hasi nintzen xakean jokatzen, nire anaiari irabazteko asmoz. Lehiatzen hasi ginenean, ordea, berak utzi egin zuen, eta nik jarraitu egin nuen. Ez zaio lehiatzea gustatzen, eta niri asko gustatzen zait. Beraz, mundu honetan jarraitu nuen, eta oso gustura nabil.

Zaletasunagatik jokatzen duzu?
Nire zaletasuna eta lanbidea uztartzeko zortea izan dut. Psikologoa naiz, eta terapia egiteko xakea aplikatzeko proiektu batzuetan jarduteko aukera dut. Adibidez, kognizioa, arreta, kontzentrazioa eta pentsamendua birgaitzeko aukera ematen dizu xakeak. Beraz, xakeak bizitzen laguntzen du.

Posible da xakean jokatzetik bizitzea?
Zaila da. Baina badago jendea. Munduko hamabost hoberenak, esaterako, oso erraz bizi daitezke horretatik, baina gainontzekoak nekez. Lehiaketen mundua oso gogorra da, etxetik kanpo denbora asko igarotzen duzulako. Beraz, oso zaila da familia bat osatzea edo lan finko bat lortzea eta xakelari profesionala izatea.  Hala ere, xake hezitzailearen lanari erreparatzen badiogu, bide posible gehiago daude.

Entrenatzen al da xakean?
Nik lehen entrenatzen nuen, bai. Egunean lau bat ordu sartzen nituen. Valentzian bizi nintzenean, errendimendu handiko kirol zentro batera joaten nintzen. Bertan, ikasgai batzuk kentzen zizkiguten, eta entrenamenduak jarri. Batzuek atletsimoa egiten zuten bitartean, nik xakean jokatzen nuen. Entrenatzaileak eta lantalde bat genituen. Batez beste hiru ordu genituen egunean, bakoitzak bere kabuz egiten zituen orduak eta lehiaketetako orduak gehituta.

Nola doa taldekako Euskadiko Liga?
Oso ondo. Mailari eustea ia bermatuta dugu, eta datozen bi jardunaldietan irabazten badugu, mailaz igotzeko aukera ere izan dezakegu.

Xakean nola jokatzen da taldeka?
Lau jokalariz osatutako taldeak dira. Beraz, saio bakoitza lau partidaz osatzen da. Partida bakoitzeko garaipen bategaz puntu bat lortzen da, eta lau partiden baturak erabakitzen du garaipena norentzat izango den. Partida berdinduz gero, puntu erdia lortzen da. Bina garaipenekin, saioa berdindutzat ematen da.

Euskadi mailan lehiatzen duen neska bakarrenetarikoa zara, ezta?
Bai. Euskadiko Ligan, nik dakidala, hiru bakarrik gara. Mundu mailan ere ez dira asko. Orain, adibidez, ideia bat egiteko, munduko nesken txapelduna 100 gizonezko onenen artean sartu da. Hori bi emakumek bakarrik lortu dute historian.

Zergatik daude hain neska gutxi xakean?
Betiko eztabaida da hori. Nik uste dut gizarteak eragin handia daukala horretan. Ez da sustatzen emakumezkoen xakea, eta horrela oso zaila da dinamikaz aldatzea. Frantzian eta Turkian, adibidez, talde bakoitzean emakumezko bat izatea nahitaezkoa da, eta horrek emakumezko gehiago animatzen ditu.

Zer esango zenieke animatzeko?
Oso mundu polita dela. Oso joko polita eta dibertigarria dela, eta bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera ematen dizula. Gainera, zeure burua garatzea ahalbidetzen duen jarduera da, gaitasun asko hobetzen dituzu, eta pertsona moduan hazten laguntzen dizu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!