Herriko tabernen eta bertako langileen kontrako “epaiketa politikoak” salatu dituzte

Anboto 2015ko urt. 26a, 11:02

Euskal Herriko hainbat Herriko tabernari zein bertako langileei eragiten dien Entzutegi Nazionalaren sumario bat zigor-epaiagaz amaitu zen iazko uztailean. Epaia zelan exekutatuko den zain daudela, Zornotzako Belatxikieta elkarteko kideek, CCOO, LAB, ESK eta EHNE sindikatu, EHBildu koalizio eta EA alderdietako ordezkariek babestuta, prentsaurreko bat eskaini zuten zapatuan “epaiketa politiko gehigorik egon ez dadin” eskatuz.

Zapatuan eskaini zuten prentsaurrekoa CCOOren Zornotzako egoitzan. Hamabi urte dira lehen atxiloketak egin zituztenetik eta “akusatu bakar baten aurkako delitu konkretu bati buruzko froga bakar bat ere entzun gabe” eman zuen epaia Entzutegi Nazionalak, “egitateen testuingurutik kanpo eta eremu judizialaz harago zeuden irizpideetan oinarriturik”.

Herriko taberna horien zigorra eta konfiskazioa “lokalak euren borondatez eraiki zituzten milaka pertsonen aurkako zigor kolektiboa dira eta baita bertan lan egiten duten ehunka langileen aurkakoa ere”. Zornotzako Belatxikieta elkartea da bere etorkizuna jokoan duenetako bat. Iazko epaia errekurrituta dagoen arren, Herriko tabernak itxi ditzaketela azaldu zuten, "ez litzateke lehen aldia izango".

Sumarioan auzipetutako lagunen egoera ere gogoratu zuten. Batzuk absolbituak izan ziren eta beste batzuei zigor eskaera jaitsi zien fiskaltzak, baina oraindik kartzela zigorra pairatu dezaketen inputatuak daudela azaldu zuten: “Sumarioan dauden auzipetutako batzuk, kartzelara eramango lituzketen zigorrak dituztenak, dagoeneko beteta dituzte euren zigorrak preso prebentibo gisa”. Gainera, “ehunka pertsona ekonomikoki itota egon dira milioietako fidantzekin eta arriskua dago euren ondasunak konfiskatuak izateko”.

Uztaileko epaiaren ostean absolbituta irten zenetako bat Jasone Manterola da, Belatxikieta elkarteko langilea. Bizitako “egoera gogorra” gogoratu zuen “gure bizitza planifikatu ezinik eta fidantza ordaintzeko abalak lortzen”. Irekita dauden beste makrooperazio batzuk ere berbagai izan zituen, urtarrileko miaketak eta abokatuen atxiloketak gogoratuz: “Horrelakoei ezezko borobila esan behar diegu, justiziak denontzat berdina izan behar du. Justizia da aldarrikatzen duguna”.

Mozioa udalean

2013ko urrian hasi zen epaiketa eta martxoan amaitu, epaia uztailean jakinarazi zutelarik. Bitartean, 2013ko azaroan, epaiketa prozesua zabalik zegoela,  “auzia artxibatzea eta auzipetu guztien absoluzioa” eskatzen zuen mozioa onartu zuten Zornotzako udalbatzarrean EHBildu eta EAJren aldeko botoekin. Aurtengo urtarrilean beste mozio bat sartu dutela adierazi zuten prentsaurrekoan eta otsaileko udalbatzarrean eztabaidatu eta bozkatuko dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!