Elkarretaratzea egin dute Boroan, barikuan izandako lan istripua salatzeko

Anboto 2015ko urt. 26a, 12:44

Pasa den barikuan 62 urteko behargin bat hil zen lan istripuz, subkontratatuta Boroako Forest Trafic enpresarako lanean ari zela. Istripua salatzeko, industriagunean elkarretaratzea egin dute eguerdian, LAB, ELA, STEE-EILAS,HIRU eta EHNE sindikatuek deituta.

Poligono sarreran, biribilgunearen ondoan elkartuko dira protestarako. Barikuan lanean zebilela hil zen langilea subkontratatua zegoela nabarmendu dute sindikatuek. 2015ean lan istripuz hildako lehen beharrgina izan da Zornotzakoa.

LAB, ELA, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek deitu dute gaurko kontzentrazioa. Sindikatu hauek akordio bat dute langile bat hiltzen den bakoitzean elkarretaratze komunak egiteko. Lan istripuaren gaineko xehetasun zehatzak ezagutzeko Osalanen aurretxostenaren zain daudela jakinarazi dute. Ez dakite langilea hil zuen istripua zehatz zelan gertatu zen enpresa horretan "ez baitago ordazkari sindikalik".

LABek salatu duenez, "berriro ere ekidin zitekeen heriotz bat gertatu da, berriro ere subkontratatutako enpresa batean". Enpresako nagusiek eta administrazio publikoko kudeatzaile politikoek "egun gutxitan ahaztuko dute" jazoera, "beren zeregina gure lan postuetan gure bizitza eta osasuna bermatzea denean". Horren aurrean, LABek lan istripu horri "erantzun bat ematea exigitzen du eta arrazoiak ikertzeaz gainera arduradunak publikoki ezagutaraztea eta neurriak hartzea gertaera tamalgarri hauek berriro gertatu ez daitezen".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!